Arraiozko bestak ospatuko dituzte abuztuaren 31tik irailaren 3ra

TTIPI-TTAPA 2013ko abuztuaren 30a

Ortziraletik astelehenera arte, besta giroa nagusituko da Arraiozen

Larunbat gauerako hainbat kontzertu antolatu dituzte

Bestaz bestako ibilbidean, Arraiozek hartuko du lekukoa asteburuan. Ortziralean, 12:00etan botako dute bestei hasiera emanen dien altxaferoa eta astelehenera arte egitarau zabala prestatu dute. Tartean, haurrendako jolasak, bazkariak, afariak, mus txapelketa, kontzertuak... izanen dira.

Bestaz bestako ibilbidean, Arraiozek hartuko du lekukoa asteburuan. Ortziralean, 12:00etan botako dute bestei hasiera emanen dien altxaferoa eta segidan txistulariak alaituko dituzte herri inguruak. Egunez haurrak izanen dira protagonistak. Hala, 14:00etan haurren bazkaria izanen da, 15:00etan haurren jokoak eta ondotik txokolatada eginen dute. 20:00etan dantzaldia izanen da Agerralde akordeoilariarekin eta 21:00etan Mutildantzak eta muxikoak. 21:30ean Baztan-zopak eta 01:00etatik aitzinera berriz Agerralderekin dantzan aritzeko aukera izanen da.

Larunbatean, 10:00etako argisoinuen ondotik, 11:00etan herriko xaharrendako karta jokoak eta hamaiketakoa eskainiko dira. 11:30ean plater tiroketa txapelketa jokatuko da eta 14:30ean gazteen bazkaria eginen dute. 17:00etan mus txapelketa jokatuko dute Arizti Elkartean. 18:30ean tortilla txapelketa eginen da eta segidan tortillak dastatzeko aukera izanen da. 20:00etan muxikoak izanen dira eta 23:30ean kontzertua Skakeitan taldearekin. Gaita-joleak ere ibiliko dira eta eguna bukatzeko, Trikidantz taldearen emanaldia eta DJ Julenek jarriko diote gauari musika ikutua.

Igande goizean, 10:00etan, argisoinuak izanen dira eta 18:00etan herri-kirol saioa izanen da eta segidan, Anje Duhalderen kantaldia. Hondarreko eguna astelehena izanen dute Arraiozen. 14:30ean zikiro jatea eginen duten bertsolariekin eta 20:00etan dantzaldia izanen da Agerralderekin, ondotik bestei akabera emateko Gaixoak gu!-ren txanda izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun