Faxismoari stop, mehatxurik ez lelopean 160 lagun inguru bildu ziren ortzegun arratsaldean Elizondoko plazan, uda honetan Baztango alkate Garbiñe Elizegik eta Elizondoko alkate Mikel Sobrinok jaso dituzten heriotz mehatxuak salatzeko.
Agrupacion de Nacionalistas Navarros delako taldeak sinatutako idatzien bitartez jaso dituzte heriotz mehatxuak Elizegik eta Sobrinok, herriko bestetan eta Baztandarren Biltzarrean euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita ikurrina bezalako Euskal Herriko sinboloak defendatzeagatik ere eta Espainiako bandera ez jartzeagatik.
Agrupacion de Nacionalistas Navarros delako taldearen arabera, Baztango eta Elizondoko alkateek ez dute Herriko Etxean Banderen Legea bete eta herrietako bestak erreibindikazio politikoak egiteko aprobetxatzen dituzte, eta ikurrina eta Euskal presoak Euskal Herriratzeko banderinak jartzen ditu adibidetzat. Arrazoi horiengatik, ANN taldeak «uztailaren 15ean egindako bileran, ahobatez heriotzera zigortu dituela» zioen lehen mehatxu-eskutitzak. Zigor hori ez betetzeko baldintzatzat Balleko udaletxean Espainiako bandera jartzea eta ikurrina kentzea eskatzen zuten. Hurrengo mezuetan ere «mehatxuak berretsi» zituzten. Abuztuaren 13ko datarekin eskutitz baten bidez eta posta elektroniko bidez, bi idatzi hartu zituzten udaletxean, aitzineko gutuneko sinadura berarekin: Agrupacion de Nacionalistas Navarros. «Ikurrina kendu eta Espainiako bandera jartzeko» exijitu zieten eta are gehiago, gutunean inposatutako baldintza ez betetzeagatik abuztuaren 26tik aitzinera herio mehatxuak aitzinera eramanen zituztela ere idatzi zuten.
UPNk Bildu kritikatu du
Begoña Sanzberro UPNko zinegotziak Bilduren jarrera kritikatu du aste honetan, mehatxu horien inguruan «estrategia» darabiltela leporatuz. Gaineratu du, mehatxuen berri izandakoan beraien elkartasuna adierazi ziela. Bildurendako «mehatxu batzuk onak eta bertzeak txarrak» direla uste du Sanzberrok eta «alderdikeria» egotzi die: «Bertze zinegotziok mehatxuak jaso ditugunean ez dute hainbertzeko zalaparta egin».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!