Heriotz mehatxu larriak jaso dituzte Baztango eta Elizondoko alkateek

TTIPI-TTAPA 2013ko abu. 9a, 09:41

Garbiñe Elizegi eta Bakartxo Ruiz, EHBilduko bertze ordezkariekin batera abuztuaren 8an egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Herriko bestetan ikurriña eta Presoak Euskal Herriratzeko banderak jartzeagatik heriotzera zigortu dituztela dio Agrupación de Nacionalistas Navarros delakoak

Baztango alkate Garbine Elizegik eta Elizondoko alkate Mikel Sobrinok heriotz mehatxuak jaso dituzte herriko bestetan eta Baztandarren Biltzarrean euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita ikurrina bezalako Euskal Herriko sinboloak defendatzeagatik ere.

Baztango alkate Garbine Elizegik eta Elizondoko alkate Mikel Sobrinok heriotz mehatxuak jaso dituzte herriko bestetan eta Baztandarren Biltzarrean euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita ikurrina bezalako Euskal Herriko sinboloak defendatzeagatik ere.

Garbiñe Elizegi Baztango alkateak prentsaurrean jakinarazi zuenez, «joan den ortziralean jaso genuen eskutitza Baztango Udaletxean eta segidan salaketa jarri zuten Elizondoko Foruzaingoaren komisaldegian». Agrupación de Nacionalistas Navarros delako taldeak sinatutako idatziak, Baztango eta Elizondoko alkateek ez dutela Herriko Etxean Banderen Legea bete eta herrietako bestak erreibindikazio politikoak egiteko aprobetxatzen dituztela dio, eta ikurriña eta Euskal presoak Euskal Herriratzeko banderinak jartzen ditu adibidetzat. Arrazoi horiengatik, ANN taldeak «uztailaren 15ean egindako bileran, ahobatez heriotzera zigortu dituela» dio mehatxu-eskutitzak. Zigor hori ez betetzeko baldintzatzat, Elizondoko udaletxean Espainiako bandera jartzea eta ikurriña kentzea eskatzen dute.

Bakartzo Ruiz, EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, «azken hilabeteotan EH Bilduren eta bere hautetsion aurkako mehatxuak biderkatu besterik ez dira egin. Ministroen mehatxuak, epaileen mehatxuak, eta kasu honetan, nolabait esatearren, reketeen mehatxuak. Ilegalizazio mehatxuez ari gara, baita heriotz mehatxuez ere. Zergatik eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita ikurrina bezalako Euskal Herriko sinboloak defendatzeagatik ere».

Mehatxu hauek guztiak, politikoak zein judizialak, baita kasu honetan bezala heriotz mehatxuak ere, «ez dira Bildu eta EH Bilduren hautetsien kontrakoak bakarrik, baizik eta EH Bilduk defendatzen duen ezkerreko proiektu soberanista bozkatu eta babesten duten hiritar guztien kontrakoak».

UPN, PP eta PSNri dei egin die EH Bilduk heriotz mehatxu hauek salatu eta arbuia ditzaten. «Alderdi hauek era baketsuan lan egiten duen disidentzia politiko eta soziala kriminalizatzeko adierazpen instituzionalak berehala prestatzeko joera dute. Giza eta eskubide zibilen defentsak, ordea, bazterketarik eta salbuespenik gabekoa izan behar du, eta are gehiago, eskubideen defentsak ideologia eta interesen araberako diskriminazio zuhurrik gabekoa izan behar du», adierazi zuen Bakartxo Ruizek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun