Nerea Sorondok eta Amaia Garcia beratarrek lortu zuten uztailaren 28an Elizondon emakumezkoen Euskal Herriko arpana txapela. Beraiek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Sekulako jendetza bildu zen Elizondoko pilotalekuan, igande arratsaldean jokatu zen jaialdia ikusteko. Izan ere, arpanan emakumezkoen Euskal Herriko txapelketaz eta gizonezkoen kanporaketaz gain, Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala eta Nafarroako koxkor biltze txapelketa ere erabaki ziren.
Emakumezkoen arpanan, zazpi bikote lehiatu ziren eta bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion. Finala arras polita izan zen, Bayer eta Larrañaga bizkaitarrekin sekulako lehia izan baitzuten beratarrek; bukaeran zazpi segundoko tartea bakarrik egon zen. Iraizoz ahizpek lortu zuten podiuma osatzea. Laugarren postua, Baztan-Bidasoa taldean ari diren Itxaso Ontsalo aresoarrak eta Leire Astiazaran zizurkildarrak lortu zuten.
Mutiletan, berriz, Euskal Herriko kanporaketa jokatu zen, eta sailkapeneko lehen seiek lortu zuten finalerako txartela. Kañamares III.a eta Eugi, iaz bezalaxe, aurten ere onenak izan ziren kanporaketan, baina finalean gauzak bertze modu batera izango dira, Barberena anaiak izango baitira han faboritoak. Elizondon bigarren sailkatu ziren. Pikabea anaiak, Andoni Irigoien eta Guillermo Etxenike baztandarrak, Cano eta Maiza eta Ardeo eta Arozena bizkaitarrak ere sailkatu ziren finalera.
Iker Vicente hirugarren mailako txapeldun
Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien finala ere jokatu zen, eta Iker Vicentek lortu zuen garaipena. Bera zen finaleko gazteena, eta aurreikuspenak bete egin zituen. 7 minutu eta 10 segundo behar izan zituen bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko mozteko. Mieltxo Mindegia zubietarra sailkatu zen bigarren, saio polita eskainiz (7.28). Biek lortu dute bigarren mailara igotzea. Hirugarren postua Etxarri Aranazko Aritz Goñik lortu zuen (9.47), laugarrena Beintza-Labaiengo Miguel Angel Etxeberriak (10.31) eta bosgarrena Zigako Joxean Etxeberriak (11.00).
Fernando Etxegarai koxkor biltzen txapeldun
Koxkor-biltzen, berriz, Fernando Etxegarai beratarrak lortu zuen Nafarroako Txapelketan garaipena, final eder baten ondotik. 6 minutu eta 11 segunduan bildu zituen 50 koxkorrak. Bigarren Elizondoko Iñaki Telletxea izan zen (6.32). Biak, abuztuaren 10ean Larraintzarren jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten. Hirugarren postua Etxalarko Andoni Lasagak eskuratu zuen (6.39), laugarrena Berriozarko Eder Goldarazenak (6.47) eta bosgarrena Anizko Unai Iantzik (6.55).