Bero sargoriarekin eta jendetza handiarekin ospatu zen uztailaren 21ean Elizondon Baztandarren Biltzarraren 50. edizioa. Orga apainduen lehiaketan, Berroetak aurkeztutako Frantsek erre ondoan elizaren inaugurazioa karroza suertatu zen irabazle. Bigarren saria, Elizondoko Beti Zurrutak taldearen Arotzarena etxeko sutegia izan zen eta hirugarrena Elbeteko lehenbiziko telebistak, Valentina Tereshkova astronauta errusiarraren hegaldia irudikatzen zuena.
Desfile irekiz, Baztango, Nafarroako eta Euskal Herriko banderak eraman zituzten Jexux Baylon, Josune Iturzaeta eta Alvaro Garrok. Denera 23 orga aurkeztu zituzten baztandarrek eta aunitzek, 1963ean aurkeztu zutenaren irudikapena egin zuten. Honela, Aniz, Azpilkueta, Arizkun eta Arraiozek lehenbiziko Baztandarren Biltzarra haren iruditsuko orga egin zuten. Baztandarren Biltzarrak 50. urtemugako karroza egin zuen Baztan eraikiz lelopean, Mikel Iriarte eta Begoña Durrutiren eskultura batekin. Almandoztarrek garai bateko sukaldea irudikatu zuten. Amaiurrek, Osasuna edo osasuna karrozarekin, arlo horretan egiten ari diren murrizketak salatu zituen. Zigan, elizako presoak agertu zituzten, Gartzainen Etxerriko errota, Erratzun pobreak eskean, Oronoz-Mugairin Bidasoako Trena, Lekarozen konbetuko patata tortilla, Iruritan herriko dolarea eta San Frantzisko Xabier ikastetxeak eta Baztan ikastolak ere bere karrozak aurkeztu zituzten, Herri Ekimenak bezalaxe. Elizondarrek, berriz, bortz karroza egin zituzten. Bigarren saria eskuratu zuen Beti Zurrutak taldekoen sutegiaz gain, Pierrot Cluba, 1986ko guardia zibilaren karga, 1913ko uholdeak eta 1982ko Nafarroa Oinezeko aretxe jatea irudikatzen zituztenak ibili ziren karrikaz karrika.
Goizean, eskulangileen azoka ikusgai izan zen. Desfilea eta gero, 1.500 lagun bildu ziren Merkatuko Plazako herri bazkarian eta bertan banatu ziren orgen sariak ere.