Espainiako Errugbiko Federazioak egindako birrantolaketa bat medio, Ohorezko B mailan aritzeko aukera izan du Baztango Rugby Taldeak, baina horrek taldeari mesede baino kalte gehiago egiten ahal diolakoan, uko egitea erabaki du.
Espainiako Errugbiko Federazioak ekainean egindako batzarrean 2013-14 denboralditik aurrera lehiatuko diren estatuko txapelketen birantolakuntza onartu zen. Birantolakuntza honekin, eta iaz lortutako 3. postuari esker, Intersport Irabia BRT taldeak zuzenean mailaz igotzea lortu du eta Ohorezko B mailan lehiatzeko aukera dauka, estatuan bigarren maila izanen zena.
Abisua jasota, Menditarrak Rugby Taldeko zuzendaritza batzordea eta jokalarien arteko bilera egin zuten eta gai aztertu ondotik, lehiaketa hontan parte hartzeari uko egin diote. «Maila hontako betebehar ekonomikoak arras handiak dira, eta ez dugu nahi hauen erruz azken urteotan zonaldean errugbiarekin egiten ari den lana eta taldearen geroa baldintzatzea» adierazi dute klubetik. Maila honetan lehiatzeko beharrezko kirol egitura daukatenik ez dute garbi ikusten eta hortaz, «ezin dugu talde erraldoi hankamotz bat osatu».
Txapelketa erakargarria geratuz gero, Lehen Maila Nazionalean lehiatuko du BRT taldeak, baina maila hau ere kolokan dagoenez, aitzinera aterako ez balitz, Euskal Erregionaleko mailan ariko litzateke.
Konpetizioak konpetizio, zonaldean errugbiari bultzada bat eman eta kirol eta gizarte erakunde bezala hazteko helburuari eusten dio BRTk. Laburbilduz, «taldea osatzen duten guztien artean adostutako eta aintzat hartutako erabaki bat izan da, geroaldian aurrera jauzi bat emateko asmoz oinarria sendotzeko atzera pausu bat emanez kirol eta gizarte egitura sendo batekin ahalik eta goren iristeko».