Dena prest dago Baztandarren Biltzarra ospatzeko

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 11

Azkeneko mende erdian bezalaxe, uztailaren 21ean orga apaindu ikusgarriak ikusiko dira Elizondoko karriketan Baztandarren Biltzarra egunean. Juan Mari ONDIKOL

50. edizioa Baztanen eskuara barra-barra goiburupean eginen da

Baztanen eskuara barra-barra lelo berriarekin, aurten 50. aldiz baztandarren besta haundia ospatuko da uztailaren 21ean. Aurten ere egun osoko bes­ta izanen da eta hori ho­rrela izateko egitarau osatua prestatu du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Aldi honetako hitzordua, gainera, berezia izanen da, aurten 50 urte baitira bes­ta hau egiten hasi zela. Hala urte osoan hainbat ekitaldi egiten ari dira herriz herri, eta kanta ere egina da urteu­rrenaren karietara.

Uztailaren 21eko egun handiari dagokionez, 10:00etatik aitzinera artisauen erakusketa egonen da ikusgai Pedro Axular karrikan. 11:00e­tan herri bakoi­tzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko da. 14:00etan Mutildantzak izanen dira Elizondoko  plazan eta ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian.
Bazkal ondotik ere izanen da zertaz gozatu. 16:00etatik aitzinera kantaldia eta tonbolaren zozketa eginen dira eta ez dira faltako mutildantzak, Baztango gaita, muxikoak eta la­rrain­datza ere. 18:00e­tan hasita Trikidantz taldeak dantzaldia eskainiko du Laxoako plazan eta ondotik Laiotz taldeak hartuko dio lekukoa.

50 URTE
1963an lagun talde bat izan zen Baztango herriak bildu eta besta bat antolatzeko pausua eman zuena. Hura izan zen Baztandarren Bil­tzarraren hasiera. Geroztik euri aunitz egin du, mende erdia pasatu da eta gaur egun Euskal Herri osoan aski ezaguna bihurtu da besta hau. Uztailaren 21ean ere jendetza elkartuko da Elizondoko karriketan barna.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun