Garai batean bere bi ikastetxeengatik ezagun izan zen Oronoz-Mugairi. Mexikora gan eta dirutza eginda bueltatu zen Martin Urrutia Ezkurra herritarrak eginarazi zituen. Gaur egun, bi ikastetxeetan etxebizitzak egin dituzte, baina ikasle ohiek ez dituzte garai haiek ahaztu eta urteko batzarra egin zuten San Martin eskolako ikasle ohiek. Ekainaren 22an meza izan zuten, hildako ikasle eta irakasleen omenez. Jose Luis Casla ikasle ohiak eman zuen meza, Jesus Rekalde marista organoan lagun zuela eta Mari Carmen Torroba ahotsean. Ondotik, batzar orokorra egin zuten eta tartean, elkartearen kontuak aztertu zituzten. Zumarragako Francisco Vierbücher ikasle ohiak prestatutako argazki bilduma liburuan eta diapositibak ere ikusteko aukera izan zuten. Gero, bildutakoek ohiko argazkia atera zuten elkarrekin eta Urgain jatetxean bazkaldu zuten. Bazkalondoan omenaldia eskaini zitzaien bere garaian ikastetxeko sukalde laguntzaile edo pintxe izan zirenei. Zehazki Oronozko Jose Ignacio Etxabarri, Legasako Martin Irisarri, Iruritako Fernando Bertiz, Elizondoko Luis Miguel Lameirinhas eta Javier Etxegarai eta Cabanillasko Tasín Sangüesa, Ignacio Sangüesa eta Jesus Mateok jaso zuten ikastetxearen grabatu ederra, zuzendaritza batzordeko Pello Berho, Agustin Eraso, Victorio Morrás, Juan Luis Oskoz, Francisco Ferreras, Jesus Arregi eta Jose Antonio Seminarioren eskutik.