Erdizen harrobia egitea legearen kontrakoa dela dio Erdiz Bizirik taldeak

TTIPI-TTAPA 2013ko uztailaren 11

Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magnaren arteko lotura agerian gelditu dela uste du

Magnaren Erdizeko harrobi egitasmoari buruz azkeneko egunetan izan diren mugimenduen inguruan, Erdiz Bizirik taldeak uste du «Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magnaren arteko lotura, hasieratik biak uka­tzen eta gezurtatzen saiatu izan direna, agerian gelditu dela eta borondate oneko jendea nahasteko eta erabil­tzeko egin duten jokaldia guztiz salagarria dela iruditzen zaigu».

Erdiz Bizirik taldeak oroitarazi du Erdizeko bazkaleku komunala Aldude Mendi izeneko Zain­keta Bereziko Eremuan dagoela, Europako Natura 2000 sarearen baitan, beraz «eremu horietan ez da gisako harrobirik egiten ahal, eremu horien babes izpirituaren aurka doalako». Erdiz Baztango bazkaleku komunalik handiena dela ere gogoratu dute, iaz, adibidez, 89 nekazarik Erdizeko bazkak beren azien­da buruak bazka­tzeko erabili zituzten. «Erdizek gaur egun fun­tzio produktibo garbia du eta Baztango ekonomian zuzenean eta zeharka paper garran­tzitsua betetzen du. Bazkalekuaren desegiteak sektorearen kontra eta Baz­tan­go ekonomiaren kon­tra gogor joko luke. Baztango Garapenerako Elkarteak eta Magnak Baztango sektore estrategikoak urratu nahi dituzte guztiz menpekoa den eta hogei urterako bertzerik izanen ez den bertze produkzio bat jartzeko» gaineratu du taldeak.

Esteribarko adibidea ez errepikatzeko «hobe da duguna kontzea eta Baztango sektore eta baliabide estrategikoak iraunaraztea». Izan ere, Erdiz Bizirik taldeak dioenez, «Baztanek duen erakarpena eta lilura hain zuzen nekazaritzak sortutako giza eta natur paisaiarengatik da. Horren desegiteak Baztango bertze sektore ekonomikoen kontra eginen luke».

Laburbilduz, Baztango Garapenerako Elkartearen eta Magnaren proposamena oraingo krisirat ekarri gaituen logika bera dela uste du Erdiz Bizirik taldeak, «Baztango sektore produktiboak xehatzea da, gaur egun eguneroko ogia irabazteko Erdiz erabiltzen duten herritarrak bazterrerat bota­tzea, Baztanen erakarpenarekin eta zeharkako ehunka lanpostuekin akitzea, balio handiko natur ingurua erraus­tea… eta hori guztia hogei urtez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun