Baztango Udala, Bertan Baztan, Elizondoko herria eta trafiko batzordearen arteko elkarlanari esker Elizondon aparkatzeko egitasmo berri bat martxan jarriko da.
25 minutuko aparkalekuak hain zuzen. Aparkaleku hauetan gehienez ere 25 minutuko egonaldiak egiten ahalko dira, merkatari ttikien inguruko parkinak mugimendua izan dezaten eta horrela Baztandarrei erosketak egiteko erraztasunak eman. Aparkaleku hauek berdez margotuta daude, erdian 25 zenbakia ageri delarik eta gehienetan ordutegiak eta xehetasunak ohartarazteko seinale batez lagunduta egonen dira.
APARKALEKU MISTOAK
Modu berean, gaur egungo zamalanetako parking gehienetan aldaketa ttipi bat eginen da eta orain mistoak izanen dira. Hemendik aitzin goizak zamalanetarako bakarrik izanen dira eta arratsaldetan 25 minutuko “tarte bat” parkin bihurtuko dira eta edozeinek aparkatzen ahalko du 25 minutuak errespetatuz. Lurrean horiz eta berdez margotuta egonen dira eta seinale batez lagunduta egonen dira ordutegiak adieraziz.
Herriko bi lekutan norabide aldaketak eginen dira: Virgilioko malda bakarrik beheitiko norabidean ibiliko da eta lehenagoko Martintxo tailerrean gorako norabidean. Bi leku horietan aparkalekuak egin dira.
Ordutegia 9:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 20:00etara izanen da astelehenetik ortziralera. Ordutegitik kanpo normal aparkatzen ahalko da betiko arauak errespetatuz.
Parkinak erabiltzeko orduan marren tartean aparkatu behar da eta 25 minutuak errespetatzen ez dituenari isuna jarriko zaio.
Erosketak trankil egin nahi dituenarendako Baztandarren Biltzarraren egoitza, eliza edo osasun etxeko parkinak erabiltzea gomendatu dute eta ondoren ”tarte bat” aparkalekuak erabiltzea erosketak kargatzea beharrezko baldin bada.
Aparkaleku berrietara egokitzeko epea uztailaren 8tik 12ra izanen da eta 15etik goiti behin betikoz paratuko da martxan.
Dena den, udalaren eta bertze erakundeen apustua da erosketak oinez edo bizikletaz egitea, «herri osasuntsu eta seguru baten bidean ezinbertzeko pausoa».
TARTE BAT 25 MIN.
• Correos bulegoan
• Dia parean
• Labaien ondoan
• Ikastolan
• Martintxo tailer zaharraren maldan
• Nafarpress ondoan
• Virgilioko maldan
• Benantxi parean
• Izeta erloju-denda parean
• Goizalde ostatu ondoan
• Axun fruta-denda parean
• Udaletxearen gibeleko aldeko parkinean
• Jaimerena ile-apaindegian
• Plazaren gaineko aldean
APARKALEKU MISTOAK
• Dia ondoan
• Natura etxean
• Virgilio maldan
• Adela parean
• Mapfre parean
• Malkorra parean
• BBVA ondoan