Krisi ekonomikoaren ondorioz, familiek, bertzelako zailtasunen artean, etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztela ikusita, ekimen berria paratu du martxan Baztango Udalak. «Alokairuak altuak dira eta soldatak, berriz, gero eta apalagoak, eta bitartean, administrazio publikoaren jabetza duten pisuak hutsik daude», adierazi dute Baztango Udaletik. Hala, alokairu publiko sozialaren aukerarekin lanean hasi da.
Baztanen etxebizitzarako eskubidea lortzeko edo mantentzeko zailtasunak zenbat familiek dituzten jakin nahi du Baztango Udalak, hau da, baldintza sozialak dituzten etxebizitzen beharra zenbatekoa den. Eta horretarako egoeraren diagnosi bat egitea erabaki du.
Gizarte Zerbitzuetako teknikariek interesatuen beharrak bilduko dituzte, eta horrela, «datu objektibo horietan oinarriturik, etorkizunari begira aurrerapausoak emanen dira», azaldu dute Udaletik. Gaineratu dutenez, «inork edota familiak horrelako baliabide baten onuradun izan nahi badu, Baztango Udaletxeko beheko solairuan dagoen Gizarte Zerbitzuetara hurbil daiteke». Azpimarratu dute balorazio edo diagnostiko fase batean daudela, benetako beharra zein den jakiteko.
Aurkezteko epea zabalik dago eta irailaren 2ra bitartekoa izanen da.