Erdizko meatze proiektuari berriz ekiteko eskatu du Garapenerako Elkarteak

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 28a

Baztanek gaur egun duen egoera ekonomiko larriari aurre egiteko 2007an bertan behera utzi zen Erdizko meatze proiektuari berriz ekiteko urratsak ematen ari da Baztango Garapenerako Elkartea. 
 
Elkarteko kideak udal gobernu taldekoekin bilduak dira eta beraien ustez, langabeziari aurre egiteko halako proiektuei ekin behar zaie berriro. Magnak edo bertze edozein enpresak ballerako proiektuak baldin baditu, aurkez ditzala eta udalak egoki diren erabakiak hartuko dituela izan omen da erantzuna.
 
Udalaren «jarrera ireki» honek animatuta, Magnesitaseko zuzendaritzarekin ere bildu dira eta hauek Erdizen oraindik interesa badutela jakinarazi diete, «beti ere Baztango gehiego sozialak eta ins­tituzioek 2007an gibelera bota zen proiektua babestuko balute». Proiektu zabalagoa ere eginen lukete, bertze fabrika batekin eta urtean 15.000-20.000 Tona biomasa erabiliz.
 
Enpresak emandako datuen arabera, 85 lanpostu zuzen eta zeharkako bertze 280 sortuko lirateke. Hitzarmenaren ondorioz, Udalak urteko 320.000 euro jasoko lituzke Magnaren eskutik.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun