Nafarroa Behereko taldea nagusitu da Euskal Herriko rugby txapelketan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 17a

Nafarroa Behereko eta Zuberoako taldeak elkarrekin, finalaren aitzinetik. Juan Mari ONDIKOL

12-10 irabazi zion finalean Zuberoako Barkoxeko taldeari

Ipar Euskal Herriko taldeek rugbyan gehiago direla erakutsi dute aurten ere. Maiatzaren 25ean jokatu zen Lekarozen Euskal Herriko rugby txapelketa. Eta 200 bat rugbyzale bildu ziren. Final handian, Donibane Garazi eta Baigorriko kirolariak bil­tzen zituen US Nafa­rroa Rugby taldeak 12-10 irabazi zieten Zuberoako Barkoxeko Avenir Rugby Taldeari. Beraz, irabazleen txapela eta harri gorriz egindako oroitarria Behe Nafa­rroara joan da aurten.
 
Hirugarren postua Gipuzkoako ordezkariak lortu zuen, Hernani Rugby Taldeak 12-7 irabazi baitzion Lapurdiko Sarako Izarrari. Bosga­rren lekua Bizkaiko Durango Rugby Taldeak eskuratu zuen, seiga­rrena Arabako Gaztedi Rugby Taldeak eta sailkapena Nafarroa Garaiko bi taldeek itxi zuten, Iruñeko La Única eta Baztan Rugby Taldeak.
Aurtengoan lehen aldiz Hegoaldean egin da Euskal Herriko rugby txapelketa eta Baztan RT-Menditarrak izan da antolatzailea. Behin txapelketa bukatuta, zikiro-jatea izan zen, Baztan Ikastolaren alde eta 150 bat lagun bildu ziren. 
 
Oraindik ez dago argi non ospatuko den 2014ko txapelketa baina Baztanen egondako talde pare batek txapelketa antolatzeko erronka beren gain hartzeko gogoa erakutsi zuten, beraz txapelketak jar­raipena izanen du. Aurten beti ere txapeldunaren garaikurrak Garazi-Baigorrin igaroko du urtea, aitzineko bietan Donapaleun (2011) eta Ustaritzen (2012) igaro dituen bezala.
 
II. RUGBYAREN EGUNA LARUNBATEAN LEKAROZEN
Bertze aldetik, ekainaren 15ean, II Rugbyaren Eguna antolatu du BRTk Lekarozen. 11:00etatik 13:00etara rugbyaren inguruko jokoak izanen dira mutiko eta neskendako eta 13:00etan hirugarren denbora eta jokalari ohien arteko norgehiagoka.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun