Udal aurrekontuen inguruan UPNk egindako kritikei erantzun die Gobernu Taldeak. Bere blogean hainbat kontu salatu ditu alderdi erregionalistak, tartean aurrekontuei hasierako onespena eman aitzinetik, aztertzeko 48 ordu izan zituztela adieraziz. Dokumentuak “erabateko alegazioa” merezi duela erran du.
Bildu eta Ezkerraren Udal Gobernuak, bere aldetik, UPNk argitaratutakoak «zentzugabekeriak eta faltsukeriak» direla erran du, eta gaineratu du, «gaien nahasketa, erakusten duten aferen ezezagutza eta erabiltzen duten tonu erasokorra ikusita, UPNren hautetsiak udaletxean aritzeko gaitasunaz serioski pentsaraztera garamatzala».
Udal Gobernuaren arabera, «Nafarroako UPNren Gobernuaren kontuen luzapenak aurrekontu hauek aunitz baldintzatu ditu». Nabarmendu du «Nafarroako Gobernuak biltzen duenaren %7a bertzerik ez duela toki erakundeetarat bideratzen». Horrekin batera, nekazaritza azpiegieturetarako dirurik ez duela bideratu, mendiko lanetarako laguntzak zehaztu gabe dituela eta zerbitzu sozialetako laguntzak itoak dituela salatu du.
Baztango UPN inbertsio faltaz solastatzea «irri egitea» dela dio Udal Gobernuak, «beren alderdiak CAN desegin duen biztartean eta Nafarroa azpiegietura zentzugabeekin finantza kolapsorat eraman duenean».
Ikastetxe eta mediku kontsultategietako garbiketara bideratutako diru partida da UPNk kritikatutako atal bat. Diru partida hori %11 igo zela oroitarazi du alderdi erregionalistak, langileen gizarte segurantza erregularitzatzeko. Hori ez dela egin adierazi du: «2012az geroztik langileak derrigorrezko gizarte segurantzarik gabe daude. Non daude igoera horretako euroak?». Horri erantzunez, Udal Gobernuak «udaletxe hau hogei urtez gaia konpontzeko urratsak abiatu dituen lehena izan dela» jakinarazi du.
GASTU ARRUNTAK ETA ISUNAK
Gastu arruntaren hazkundeaz ere aritu da UPN, eta Bilduk eta Ezkerrak azaldu dute «gure estiloa, Nafarroako Gobernuarena ez bezala, ez da zerbitzu publikoak moztea eta administrazio publikoa xehatzea, kontrakoa baizik, horiek indartzea eta bulkatzea».
Inbertsioez ari dela, alderdi erregionalistaren hitzetan, «Zigako herritarrak berriz ere hilerria konpondu gabe gelditu dira, eta horren ordez, lau zulo konponduz konpentsatu nahi diete». Gaiaren inguruan, Zigako herri osoan brea plantxa botatzeko 17.000 euro bideratu direla jakinarazi du Gobernu Taldeak.
Isunen bilketaren aurreikuspena %30 haunditu da aurrekontuetan. Horri buruz, UPNk dio «aurten gaiztoagoak izanen garela». Irakurketa hori «bihurria eta gaiztoa» dela erantzun diote Bilduk eta Ezkerrak: «%30 haunditu da aurreikuspena bai, baina kopuru absolutuetan 3.000 eurotik 4.000 eurorat pasatzea erran nahi du».