Ekainaren 2an Erratzu, Elizondo eta Baztan-Bidasoa eta Iparraldeko hainbat herri eta leku ezberdinak suntsitu zituen uholdearen mendeurrena bete zen. Gertakari larri hura gogoratzeko, maiatzaren 31tik ekainaren 2ko asteburuan hainbat ekitaldi burutu zituzten.
Erakusketa jarri zuten ikusgai Menatarren argazkiak eta Erratzuko herriak eta parrokiak bildutako objektu eta dokumentazioarekin. Foto Menak eta Erratzuko herriak liburu bat ere egin dute. Apezaren etxean egindako erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi egin ziren Erratzun. Honela, ortziral arratsean kontzertua eskaini zuen Patxi Saizek elizan.
Larunbatean mendi itzulia egin zen plazatik abiatuta, orain dela 100 urte kazetariek egindako ibilbidea eginez. Haurrendako karrika antzerkia ere izan zen. Arratsaldean, emaztekien frontenis eta gizonezkoen pala finalak jokatu ziren eta gero Prozesioa egin zen Gorostapolotik herriraino, Doloretako amabirjina ekarriz. Elizondoko abesbatzak kontzertua eskaini zuen elizan.
Igandean, uholdearen mendeurrenean, goizean ezkiljotzea egin zen Baztan-Bidasoaldeko herrietan. Bestaberri eguneko prozesioa ere egin zen eta Erratzuko lau neska eta lau mutikok lehen jaunartzea ere egin zuten. Xabier Rekartek Aurreskua dantzatu zuen eliz atarian. Mezaren ondotik, Baigorriko dantza taldeak emanaldia eskaini zuen plazan. Ondotik musika-poteoa izan zen FanfaRonak taldeak alaiturik. Etxelebert pilotalekuan egindako herri bazkarian 330 bat bizilagun bildu ziren eta gero dantzaldia ere izan zen.
Uholdearen mendeurreneko oroitzapen ekitaldiek segida izanen dute. Ekainean Elizondon eginen da bertze argazki erakusketa Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoan eta uztailean Iruritako Jauregian.