Herrietako besta sasoia hasi den honetan, gizon nahiz emakume, herriz herri eta plazaz plaza ongi pasatzeko eta aske izateko gonbitea egin du Plazara Dantzara Herri Ekimenak.
Aurkezpenean jakinarazi zutenez, «dagoeneko urte andana pasa da Baztango zenbait emakumek mutildantzetan parte hartzeko erabakia hartu zutenetik». Izan ere ohitura zahar aunitz, «ohitura zahar izanda ere, eraldatuak, berreraikiak, zaharberrituak eta denbora berrietara» egokitu dira. Aldiz, Plazara Dantzara Herri Ekimenak badaki badirela emakumeekin dantzatu nahi ez duten baztandarrak eta haiekin ere solastu dute, baina «ez digute partaide izaten uzten, tradizioa beraiek nahi bezala ulertzen ez dugulako».
Korroan bat gehiago izan nahi horretan, «begirada zorrotzak, argi itzalketak, boikotak, ziztuak, txistularien isiltzeak eta irainak» jasan dituztela salatu dute baina aitzinerakoan horietako bakar bat ere ez dute berriro onartuko eta «gure herrietako plazetan gogoa dugun guztietan dantzatuko dugula» jakinarazi dute, «gustatzen zaigulako, nahi dugulako».