Baztan Musika Eskola bere 25. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetako bukaeran. Maiatzaren 5eko akordeoi taldearen emanaldiarekin hasi ziren ekitaldiak eriaroaren 15ean, larunbat eguerdian Elizondoko Iriarte frontoian eskainiko duten kontzertuarekin borobilduko dituzte.
Aipatu bezala, Baztan Musika Eskolaren 25. urteurreneko lehenbiziko ekitaldia, maiatzaren 5eko akordeoi taldearen entzunaldia izan zen Elizondoko karriketan eta Mariano Izetaren plazan eskeini zuten kontzertua. Maiatzaren 23an, Arizkuneneako sabaian, argazkian ageri den “Ganbara kontzertua” izan zen piano-jole eta txirularien eskutik.
Larunbatean kontzertua
Eta ospakizunari akabaila emateko, eriaroaren 15ean, larunbatean, Elizondoko Iriarte frontoian kontzertu jendetsua eskainiko dute.
Egun horretako egitaraua, goizeko 10:30ean, hasiko da haize taldearen eta akordeoilarien emanaldiarekin. 11etan korala eta banda ariko dira. Ordu berean akordeolariak eta txistulariak herrian barna ibiliko dira eta 12etan denek batera kontzertua eskainiko dute.
Aipatzekoa da, eman eta emanen diren kontzertu guztietan oraingo ikasleek eta ikasle ohiek parte hartu izan dutela, azken finean 25 urteetan baztandar aunitz bere geletatik eta bertako irakasleen eskuetatik pasatu baitira.
Nahiz eta ekintza guzti hauek Elizondoko karriketan ospatu diren, buruiletik aitzin, Baztango gainerako herrietarat ailegatzea ere espero da.
Aunitz urtez, Musika eskola!