Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza politikak Baztango baratze ekologikoen proiektua baldintzatzen duela salatu dute

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 11

Ordenantza onartu berri da eta ekainean izena emateko epea zabalduko da

Baztango Udal Gobernu taldeak prentsa-ohar bat argitara eman du, udal baratze sozial ekologikoen inguruan. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza zalantzan dago eta horrek erabat baldintzatzen du proiektua.

Baztango Udal Gobernu taldeak prentsa-ohar bat argitara eman du, udal baratze sozial ekologikoen inguruan. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza zalantzan dago eta horrek erabat baldintzatzen du proiektua.

Udal baratze ekologiko eta sozialen proiektuarekin duela hilabete batzuk hasi zen Balleko Etxean eta bere garaian dirulaguntza eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuari, pista konpontzeko mendi lanen proiektuaren barrenean. Nafarroako Gobernuak Baztango proiektua diru-laguntzarik gabe utzi zuela jakinarazi zuen otsailean, baina handik bi hilabetera, diru-laguntza horien zati bat emanen zutela jakinarazi zioten Iruñetik udalari. «Orain, ez dakigu inolako laguntzarik izanen dugun edo ez; hortaz egoera hori lan guztiak baldintzatzen ari da» adierazi du Udal Gobernu taldeak ohar bidez.

Bertzalde, Batzar Nagusiak eta Udalak baratze horiek erabiltzeko ordenantzak onartu berri dituzte, eta ekainean izena emateko epea zabalduko da. Baratzeak, ordenantzetan zehaztutako irizpideen arabera banatuko dira. «Eguraldiak uzten digunean eremu guztia garbitu eta prestatzen hasiko gara, baina momentuz, eguraldia ere ez da gehiegi laguntzen ari», aipatu dute Balleko Etxetik.

Hala bada, Udalaren nahia proiektu hau ahal bezain laster martxan jartzea da, «baina bidean hainbat problema izaten ari gara. Bertzalde, orain arte interesa erakutsi dutenei gutun bat bidaliko zaie guztiei afera horien eta egoeraren berri emateko», aipatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun