Mexikoko indarkeria eta emakume indigenen borroka hizpide Elizondon antolatu duten solasaldian

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 5a

Carmen Cariño mexikar nekazaria eta feminista izanen da hizlaria

Ortziralean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eginen da hitzaldia, 20:30ean, eta Carmen Cariño mexikar nekazaria eta feminista izanen da hizlaria. Emakumeen eskubideen eta herri indigena eta autonomiaren aldeko ekintzailea da.

Indarkeria Mexikon eta emakume indigenen borroka ekimen autonomoetan. Izenburu hori duen hitzaldia eginen da ortziralean, ekainak 7, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Carmen Cariño nekazaria eta feminista izanen da hizlaria.

Carmen Cariño hizlaria

Carmen Cariño Mexikoko Puebla eta Oaxaca Estatuen muga inguruko eskualdekoa da, nekazaria eta feminista da, eta emakumeen eskubideen eta herri indigena eta autonomiaren aldeko ekintzailea. Horrez gain, soziologoa ere bada, eta nekazal garapenerako irakaslea. Gaur egun, Antropologiako doktoretza egiten ari da Mexikoko Unibertsitate Metropoliar Autonomoan.



Betty Cariño, Carmen Cariñoren ahizpa Oaxaca-ko San Juan Copala Herri Autonomoan erail zuten 2010eko apirilaren 27an giza karabana batean parte hartzen ari zela. Cactus erakundeko kidea zen, San Juan Copalako Triqui indigenen alde lanean aritzen zena. Herri indigenak 2007ko urtarrilaren 1ean bere autonomia aldarrikatu zuenetik Estatuko indar paramilitarrengatik kolpatua izan da, erasoak eginez eta hildakoak, zaurituak eta desagertuak utziz. 2009ko abenduan paramilitarrek bertako ur, argi eta telefonoa moztu zituzten. Honek elikaduran eta egunerokotasunean eragin zuen eta horregatik 2010eko apirilaren 27an giza karabana abiatu zen San Juan Copalarantz janari, ur, botika, eta abarrekin. Paramilitarrek enboskada egin eta tirokatu zituzten, eta Betty Cariño eta Jyri Jaakkola giza eskubideen ikuskari finlandiarra erail zituzten. 

Carmen Cariño gertakari hauek ezagutarazi eta oraindik duten inpunitatea salatzera dator Euskal herrira.

Hitzaldia erdaraz izanen da eta 20:30ean hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun