Uholde handiaren mendeurrena hunkiduraz gogoratu dute Erratzun

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 3a

Baigorriko dantza taldeak emanaldi hunkigarria eskain zuen igandeko meza ondotik. Juan Mari Ondikol

330 lagun bildu ziren ekitaldiak borobiltzeko egindako herri bazkarian

Ekainaren 2an Erratzu, Elizondo eta Baztan-Bidasoa eta Iparraldeko hainbat herri eta leku ezberdinak suntsitu zituen uholdearen mendeurrena bete da. Gertakari larri hura gogoratzeko, Erratzuko herriak eta Foto Menak argazki liburua argitaratu dute horretaz gain, erakusketa ere egin da. Asteburu osoan, hainbat ekitaldi ere burutu dituzte.

Ekainaren 2an Erratzu, Elizondo eta Baztan-Bidasoa eta Iparraldeko hainbat herri eta leku ezberdinak suntsitu zituen uholdearen mendeurrena bete da. Gertakari larri hura gogoratzeko, Erratzuko herriak eta Foto Menak argazki liburua argitaratu dute horretaz gain, erakusketa ere egin da. Asteburu osoan, hainbat ekitaldi ere burutu dituzte.

Uholdearen mendeurrena oroitarazteko erakusketa bat egin dute Menaren argazkiekin, Erratzuko herriak eta parrokiak bildutako objektu eta dokumentazioarekin. Erakusketan dauden argazkiekin Foto Menak eta Erratzuko herriak liburu bat ere egin dute eta aukera izan da erosteko. Gainera, Xaloa Telebistak ere bideoa egin du eta erakusketan ikusteko eta erosteko aukera izan da.

Apezaren etxean egindako erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi egin dira Erratzun asteburuan. Honela, ortziral arratsean kontzertua eskaini zuen Patxi Saizek elizan.

Larunbatean mendi itzulia egin zen plazatik abiatuta, orain dela 100 urte kazetariek egindako ibilbidea eginez. Haurrendako karrika antzerkia ere izan zen. Arratsaldean, emaztekien frontenis eta gizonezkoen pala finalak jokatu ziren eta gero Prozesioa egin zen Gorostapolotik herriraino, Doloretako amabirjina ekarriz. Elizondoko abesbatzak kontzertua eskaini zuen elizan.

Igandean, uholdearen mendeurrenean, goizean ezkiljotzea egin zen Baztan-Bidasoaldeko herrietan. Bestaberri eguneko prozesioa ere egin zen eta Erratzuko lau neska eta lau mutikok lehen jaunartzea ere egin zuten. Xabier Rekartek Aurreskua dantzatu zuen eliz atarian. Mezaren ondotik, Baigorriko dantza taldeak emanaldia eskaini zuen plazan. Ondotik musika-poteoa izan zen FanfaRonak taldeak alaiturik. Etxelebert pilotalekuan egindako herri bazkarian 330 bat bizilagun bildu ziren eta gero dantzaldia ere izan zen.

Uholdearen mendeurreneko oroitzapen ekitaldiek segida izanen dute. Ekainean Elizondon eginen da bertze argazki erakusketa Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoan eta uztailean Iruritako Jauregian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun