Buruan irudikatutako paisaiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute Zaindari ikusezina eleberriaren irakurleek. Ekainaren 1etik aitzinera, bisita gidatuak egiteko aukera izanen dutelako Dolores Redondo idazleak deskribatzen dituen paisaietan barna. Juan Mari Ondikol eta Beatriz Ruiz Larrinaga elizondarren eskutik eginen dute ibilbidea. Argazkilaria bata, turismoan lizentziatua bestea, biak izanen dituzte gidari fikziotik errealitaterako jauzia egiterakoan.
Diotenez, asko izan dira Elizondora hurbildu eta eleberrian irakurritako lekuen inguruan galdezka aritu direnak. Interes horri erantzuna emateko asmotan jarri dute abian ekimena eta bide batez, «krisi garaian bailara biziberritzeko balio» dezaketela uste dute. Alde horretatik, herriko hainbat merkatarien prestutasuna azpimarratu dute. Besteak beste, Malkorra gozotegian bisita txartela erakusten dutenei Txantxigorri gozoa eta txokolate beltza dastatzeko aukera emanen diete eta Txokoto eta Antxitonean ere bisitariei eskaintza bereziren bat eginen diete.
Ekainaren 1ean hasi eta larunbatero (29an izan ezik) egonen da bisita gidatuak egiteko aukera. Uztaila eta abuztuan, aste tartean eskainiko dituzte bisitak, baina antolatzaileek adierazi dutenez, eskariaren arabera zehazten joanen dira noiz izanen diren.
BI IBILBIDE
Bisitariek bi ibilaldiren artean aukeratu dezakete. Bi ordu eta laurdeneko iraupena duena bata; hilerria, Baztan errekaren ingurua, Victorren baserria, zubia... hurbiletik ezagutzeko aukera emanen diena. Ibilbide laburragoa egin nahi dutenek berriz, ordu bete inguruko bidea eginaz, Jaime Urrutia kalea, Txokoto, eliza, komisaldegia... ezagutuko dituzte. Turistek ikusi eta ikasteko aukera ere izanen dutela azaldu dute antolatzaileek, «eleberrian oinarritutako gidoi bat osatu dugu, baina horretaz gain, Elizondoko historia eta kontakizun mitologikoen inguruan ere solastuko dugu, Mari, Basajauna...».
IZEN-EMATEA
Izen-ematea visitaelguardianinvisible@hotmail.com helbidera idatzita edo 670 336232 telefonora deituta egin liteke. Ibilbide luzea egin nahi dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta ordubeteko bidea egin nahi dutenek berriz 10 euro. Ikasleek, adinekoak eta langabetuek berriz, 7 euro ordaindu beharko dituzte. Bisitak euskaraz, gazteleraz, ingelesez edo frantsesez egiteko aukera dago.