Ehun urte bete dira Baztan urpean utzi zuen uholde handia gertatu zenetik

Eneritz IRAOLA 2013ko mai. 31a, 12:06

Etxeak suntsituta, abereak itota, zubiak deseginda... uraren indarra izugarria izan zen, hondamena atzean utziz. FOTO MENA

Mendeurrena gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte maiatzaren 31 eta ekainaren 1 eta 2an Erratzun

1913ko ekainaren 2an, Auza mendian bildutako ur erauntsia uholde bihurtu zen. Urak eraman zuen aitzinetik harrapatzen zuen guztia, hainbat herri urpean utziz. Erratzu izan zen kaltetuena, hildakorik egon ez zen arren. Mendea pasata, denborak ez ditu ezabatu uharren aztarnak. Bizirik segitzen dute oraindik, paretetan urak utzitako arrastoetan, baina batez ere, ahoz aho egun ilun hartaz kontatu diren istorioetan.

 

“Mendi, elizak eta etxi­ak bota zituen golpian, len bistan zauden terreno asko tapatu ziran urpian…” azaldu zituen Txirrita ber­tso­lariak uholdeek utzitako ondorioak. Hondamenaren argazki hau erre­pikatzen zen eskualdean. Dena den, sinesgaitza dirudien arren­­­ orduko datuen arabera Elizondon hiru hildako bes­terik ez ziren izan. Horregatik, doaz eskutik hondamena eta ospakizuna 1913ko ekainaren 2az hitz egitean.  Dena galdu arren, kontatzeko aukera izan zuelako gehiengoak. Urte aunitz pasa badira ere,  gaur egun Baztango etxeetan  kontatzen segitzen diren gertaerak.

 UHARREN INDARRA

Egunsenti sargori eta hezea izan zen. Auza ingurua lainotuta ageri zen lehenengo orduetan, baina segidan kaxkoa beltzatu eta minutu batean izugarrizko erauntsia bota zuen. Goizeko zortzi eta erdiak ziren amesgaiztoa hasi zenean. Batzuen arabera, Auza eta Go­rramendi mendietan eroritako urak lur jauziak sortu zituen. Handik Erratzuraino urez eta lohiez osatutako animaleko olatua iri­tsi zen. Bertze batzuen arabera, Erratzuko errekatik zubiraino, enbor eta zuhaitz aunitz ailegatu ziren zuloak estaliz. Orduko Erra­tzuko zubia hiru begikoa zen eta ez zen sobera altua. Ho­rrek nolabait estutzen zuen erre­karen bidea eta hainbertze zaborrekin tapoi gisako bat suertatu omen zen. Halako batean, zubiak ez zuen jasan eta harri pila erral­doi bihurturik, urak eraman zuen. Herriko ka­rriketan berehala hasi zen ura goratzen eta erre­ka gainezka etor­tzen. Gertatutakoa bata hala bestea izan,  hildakorik ez zen izan, karabineroek tiroka abisa­tzeko astia izan zutenez jende gehienak Aduanaren edo etxeetako sabaietan babes­teko aukera izan zuelako. Horrek ez zuen ordea, une larriak bizitzea saihestu.   

USTEKABEAK

Herriko ostatua, erre­ka bazte­rrean dagoena, bat-batean uholdeak hartu zuen. Bertan bizi zirenak, sabaira igota zeuden bizilagunen an­tzera, baina urak gorantz egiten zuela ikusita, zapi batzuekin ingu­rukoak agurtzen hasi ziren. “Hurrengo bizitzara arte, adio” esaten zieten, ez zutelako uste bizirik irtengo zirenik. Patua alde izan eta ez zituen urak irentsi ordea. Ez zuten zorte bera izan Erratzuko 12 ­etxek, elizaren aldare nagusiak eta sakristiak, denak desagertu bai­tziren. Izpegiko errepidea desagertu zen eta zubiak ere urak irentsi zituenez, herria inkomunikatuta geratu zen.

Kalteak berehala geratu ziren agerian. Zubi, eraikin eta karriketan ikusten zen hondamenaz gain, landak ha­rriz bete ziren, azienda gehiena ito zen eta uholdeak eraman zituen belai osoak. Egoera makurragoa bihurtu ­zuen horrek, nekazari­tza baitzen herriko diru itu­rri ia bakarra.

HUTSETIK HASTERA

Uholdeen inguruko berria zabaldu zenean, lagun­tza toki guztietatik iritsi zen. Aberatsek ja­rri zuten dirua, jende xeheak berriz beren eskulana. Denbora luzea behar izan zuten, urak sun­tsitu­ta­koa berreraikitzeko. Baina are denbora gehiago behar izan zuten, beren buruetatik ikara aldendu ahal izateko.

Oroimenetik ezaba­tzea berriz, ia inork ez zuela lortu erran liteke. Hala erakutsi dute ehun urtean belaunaldiz belaunaldi kontatu diren istorioek. Gertakari bera ehunka begiz ikusia, ehunka belarriz aditua. Ehun urte ondotik, ekainaren 2ko uholdea atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzeko aukera ematen digutenak.

 

DATUA

12 METROKO

zabalera eta 5 metroko altuera

hartu zuen uholdeak

1913KO UHOLDEEN INGURUKO LIBURUA OSATU DUTE

Karrikak harritzarrez gainezka, desagertutako zubi eta etxeak... 1913ko uholdeetan Felix Menak ateratako zuri beltzeko argazkietan errepikatzen diren irudiak dira. Argazki hauek eta  garai hartako pren­tsan argitaratutako berriak eta lekukotzak bilduta Uholdeak Baztanen Erra­tzu Elizondo 1913 liburua osatu dute eta baita erakusketa ere. Erra­tzuko he­rria, Erra­tzuko San Pe­dro eliza eta Elizondoko Mena Argazkilariak elkarlanean aritu dira eta maia­tzaren 29an eginen dute jendaurreko aurkezpena. Liburua salgai ja­rriko dute 20 euroren truke erakusketan eta Mena argazki-dendan. Itziar Menak azaldu digunez, beraien artxi­boko irudiak liburu batean biltzen dituzten estreineko aldia da eta «argazki hauetan biltzen den historia zatia jendearen eskura ja­rri nahi» dutelako hartu dute erabakia. Eta emai­tza ikusita, etorkizunean «ber­tze libururen bat argitaratzeko asmoa» ere badute.

MENDEURRENEKO EKITALDIAK ERRATZUN

 

MAIATZAK 31, ortzirala 

18:00 Begirada atzera Begira, Baztango uholdea erakusketaren irekiera apezetxean.

21:00 Patxi Saizen kontzertua elizan.

EKAINAK 1, larunbata

08:30 Mendi martxa Auzara. Orain dela 100 urte kazetariek egindako ibilbidea egiteko. Plazatik abiatuta.

11:00 Haurrendako jolasak eta Txirla beltzaren piratak karrika antzerkia, Begira konpainiaren eskutik. Pilotalekutik hasita.

16:00 Pilota finalak (Erratzuko emaztekien frontenisa eta gizonezkoen pala)

Iluntzean, Prozesioa Gorostapolotik Erratzura, La Dolorosa Amabirjinarekin.

20:00 Elizondoko abesbatzaren kontzertua­ ­elizan.

*Erakusketa zabalik: 11:00-14:00 eta 18:00-20:00

EKAINAK 2, igandea

08:30 Ezkil jotzea uholdea hasi zen unea gogoratzeko.

11:30 Meza eta herriaren bedeinkapena plazan.

13:30 Baigorriko dantzarien saioa­­ ­Uraren gain emanaldia.

Bazkal aurretik Musika-poteoa. Fanfa­rronak eta bertsolariak alaiturik.

14:30 Herri bazkaria frontoian.

Arratsaldean Dantzaldia.

*Erakusketa zabalik: 11:00-14:00 eta 18:00-20:00

ERRATZUKO UHOLDEEN 100. URTEURRENEKO LANTALDEA
«Erratzuko etxe guztietan entzun izan da uholdeen inguruko istorioren bat, herrian arrasto sakona utzi zuen gertakaria da»
 
Mendeurrenak ospakizun handien sinonimo izan ohi dira eta Erratzun  hitzez hitz beteko dute. Herriko eragile desberdinek Erratzuko uholdeen 100. urteurreneko lantaldea osatu dute eta abendua ezkeroztik ari dira buru belarri lanean. Hamaika bileren fruitua dira liburua, erakusketa eta asteburu osoko egitaraua. Mendeurrenari «merezi duen garran­tzia» eman nahi izan diotela aipatu dute taldeekideek, izan ere «Erra­tzuko ­etxe guztietan entzun izan da uholdeen in­guruko istorioren bat, herrian arrasto sakona utzi zuen gertakaria da». Informazio aunitz bildu dute denbora tarte honetan, eta horren zati handi bat Begirada atzera Begira, Baztango uholdea izeneko erakusketan, Erratzuko apezetxean egonen da ikusgai. Horretaz gain, adin guztietako herritar eta kanpotarrei zuzendutako ekitaldiak prestatu dituzte «memoria dan­tzan jarri eta besta eginaz, ongi pasa­tzeko egitaraua» antolatu nahi izan dute.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun