N-121-B errepideko saihesbidean Elizondorako sarbidea irekitzeko edo ixtea mantentzeko boza eman behar zuten maiatzaren 19an. 511 herritarrek parte hartu zuten kontsultan eta horietatik 284k eman zuten irekitzearen aldeko boza, 224k kontrakoa, 2 botu txuri izan ziren eta 1 baliorik gabekoa.
Zer erran ugari eman du aferak eta horregatik partehartze handiagoa espero zen, baina halere, Elizondoko Herriko Etxean etengabe ibili zen jendea igande goizean.
Behin emaitzak ikusita, 10-15 eguneko epea eskatuko da sarbideko harriak kentzeko, abiadura murrizteko koxkak paratzeko eta karrika bat zolaberritzeko. Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuak jakinarazi zuenez, maiatzaren 20an irekiko zuen sarbidea, kamionendako debekua izanen du eta ahalik eta arreta gehien jartzea eskatuko du.