Musika Eskolaren 25. urteurrenean akordeoiak hartu zuen Elizondo

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 17a

Juan Mari Ondikol

Miguel Mari Iparragirre irakaslea omendu zuten kontzertuaren ondotik

Baztango Musika Eskolaren 25. urteurreneko ospakizunen barnean akordeoi taldeak kontzertua eskaini zuen maiatzaren 5ean, igande eguerdian Mariano Izetaren plazan. Aitzinetik kalejiran ibili ziren, eguraldi ederra lagun zutela. Mende laurden honetan eta zazpi urte lehenagotik ere akordeoi irakasle izan den Miguel Mari Iparragirre omendu zuten.
Izan ere, Baztango Musika Eskola sortu zenerako ematen ziren txistu eta akordeoi klaseak Elizondon. Mi­guel Mari Iparragirre duela 57 urte jaio zen Aran­tzan eta hasieran ahosoinua jotzen bazuen ere, 13 urterekin hasi zen akordeoia ikasten Martin Ibarrola Aran­tzako organujolearekin eta gero Gipuzkoaldean, Jose Mari Irazoki irakasle lesakarrarekin eta Pepe Andoain akordeolari famatuarekin. He­rriz herri hainbat ospakizunetan jo zuen, Elizondon akademia ireki zuen arte. Urteetan hainbat ikasle izan ditu, 25 bat urtero eta horiek omenaldia eskaini zioten igandeko kontzertuaren ondotik, ordu batzuk lehenago ateritako erretratoa opari emanez. «Musika tresna konpletoa da akordeoia, ia harat eta honat gainean eramaten ahal den orkestra bat eta horrek popularidadea ematen dio bestetan», aipatu zuen Iparragirrek.
Miguel Iparragirrek zuzendutako akordeolari orkestrak hainbat kantu eskaini zituen, Amaia Zaldainek bakarka ere emanaldi bikaina eskaini zuen eta kon­tzertua akitzeko, Musika Eskolako ikasle eta ikasle ohiek Peio eta Pantxoren Adios maitia jo zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun