N-121B saihesbidetik Elizondora sartzeko bidea itxita dago orain. Hainbat herritar sarbide horren kontra agertu da eta orain harriak paratuak daude sarrera oztopatzeko. Maiatzaren 20rako kenduko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak eta Herriak galdeketa egitea erabaki du.
Galdeketan ateratzen dena errespetatuko duela adierazi du Udalak. Berez, orain harriak dauden tokiaren eskumena Nafarroako Gobernuarena da, baina herri sarreraren konpetentzia Udalarena denez, herri galdeketan sarbidea ez irekitzea nagusituz gero, herri sarrera itxiko luke Udalak.
Baztango Geroa Baik, bere aldetik, galdeketan irekitzearen alde egiteko eskatu du, «beharrezkoa delako eta denda, zerbitzu, ostalaritza, etxe eta landa-etxeei kalte egiten dielako itxita egoteak, Elizondon eta Baztanen orokorrean ekonomia momenturik txarrenean dagoenean». Gisa beran, Herriko Etxetik eta Udaletik sortu den «eztabaida artifizial eta interesatua» salatu du Geroa Baik, «herritarrei informazio partziala eta dudakoa» eman dietela erranez. Koalizioak gaineratu du «Nafarroako Gobernuarekin etengabeko borrokan ari direla, Baztanen dagoen langabezia bezalako arazo larriei aterabidea bilatu beharrean».
Geroa Bairen hitzaldia
Geroa Bai koalizioak hitzaldia eskainiko du ortziralean Elizondon. Uxue Barkos diputatuak eta Manu Aierdi parlamentariak parte hartuko dute eta solasaldi-eztabaida izanen da, Nafarroako hainbat herritan koalizioa egiten ari den hitzaldi sortaren barne eginen dena.
Koalizioaren oraina eta etorkizuneko proiektuaren berri emanen dute eta horrez gain, Nafarroaren egoera politikoa eta Geroa Bai Diputatuen Kongresuan eta Nafarroako Parlamentuan egiten ari den lana izanen dituzte hizpide.
Hitzaldia Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean izanen da, 19:30ean.