Euskal Herriko Errugbi Txapelketa Lekarozen eginen da maiatzaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 15a

Joan den urtean Saran jokatu zen Euskal Herriko Errugbi Txapelketa.

Euskal Herriko zortzi errugbi taldek parte hartuko dute, tartean Baztan eta Sarako taldeek

Euskal Herriko zortzi errugbi taldek parte hartuko dute, tartean Baztan eta Sarako taldeek. 10:00etan hasiko dira lehiak Lekarozko zelaian, eta sari banaketa eta ondorengo besta Elizondon eginen dira. Errugbi topaketa bat izateaz gain, Baztango Ikastolari laguntza emateko eguna izanen da, eta horretarako zikiro-afari-besta antolatu dute ikastolakoek.

Aitzineko urteetan, Saran egin izan da Euskal Herriko Errugbi Txapelketa, eta aurten Baztanek hartu du lekukoa. Maiatzaren 25ean izanen da eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetako zortzi taldek parte hartuko dute: Bizkaitik Durango Errugbi Taldea etorriko da, Arabatik Gaztedi, Gipuzkoatik Hernaniko taldea, Nafarroa Garaiatik La Unica, Nafarroa Beheretik Baigorri/Garaziko US Nafarroa taldea, Lapurditik Sarako Izarra Errugbi Taldea, Xuberotik Barkoxe taldea eta horiez gain, aurtengo edizioaren antolatzaile den Baztango Errugbi Taldeak parte hartuko dute. Txapelketa 10:00etan hasiko da Lekarozko zelaian, eta finala jokatu arte ez du etenik izanen. Ondotik, 19:30ean opari eta sari banaketa Elizondon eginen dira, Gaztetxearen pareko arkupeetan.

Euskal Herriko zazpi herrialdeen arteko hirugarren errugbi txapelketa izanen da aurtengoa, eta Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteak elkartzeko aukera eskaini nahi dute, baita errugbilari gazteei bertze kausa batzuetaz interesatzeko aukera eman ere, eta baloreak bertze publiko bati ere ezagutarazi nahi dizkiete. Horrez gain, Baztango Ikastolarentzat dirua biltzeko eguna ere izanen da. Hala, murrizketei aurre egiteko Baztan Ikastolak musikaz alaitutako zikiro-afari-besta antolatu du. Afarirako txartelak 20 eurotan eros daitezke Elizondoko Intza eta Txokoto ostatuetan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun