Ateak Ireki webguneak jakinarazi duenez, Ernesto Prat Urzainki errugabetzat jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Elizondarrari Ekineko kide izatea leporatu izan dio Fiskalak eta horregatik izan zen atxilotua eta epaitua.
Urruñan bizitza publikoa egiten zuen Ernestok baina 2012ko urtarrilaren 25ean Frantziako poliziak Urruñan atxilotu eta Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen eskaera onartuz, 2012ko otsailean espainiaratu zuten. Frantziako eta Espainiako estatuetako kartzeletan hiru hilabete pasatu ondotik, 2012ko apirilean espetxetik fidantza ordainduta atera zen, epaiketa noiz eginen zain. Apirilaren 9an egin zioten epaiketa Entzutegi Nazionalean. Geroztik epaiaren zain egon da eta Ateak Ireki atariak atzo eman zuen errugabetzat jo dutenaren berria.
Baztanen hainbat mobilizazio egin izan dira Ernesto Prati elkartasuna adierazteko. Tartean, apirilaren 7an Elizondon manifestazioa egin zen eta 500 bat lagun bildu ziren.