Iragarri bezala, palestinarrei elkartasuna adierazteko Euskal Herria Palestina Eguna larunbatean ospatuko da, maiatzaren 18an. Hilabete osoan egiten ari diren ekitaldiak borobiltzeko egun osoko besta antolatu du Euskal Herria-Palestina Sareak, maiatzaren 14an egindako agerraldian jakinarazi zutenez.
10:00etan dianak hasiko dira eta ordu horretan murala margotu eta erakusketa zabalduko dute. 11:00etan James Petras eta Adel Abou Salemek Inperialismoa, Sionismoa eta Apartheida Palestinan solasaldia eskainiko dute. Ordu berean haurrendako jokoak ere izanen dira: kometa eta txalaparta tailerrak... Joaldunekin kalejira ere eginen da fanfarreak lagundurik eta Check Point israeldarra eta jateko arabiarra ere izanen dira.
Eguerdian, elkarretaratze bateratua eginen da. Alde batetik, Preso palestinarrak etxera leloa izanen du eta bertzetik, Herrira mugimenduaren deialdiarekin bat eginez, Giza eskubideak, irtenbidea, bakea Euskal Presoak Euskal Herrira lemarekin bat eginen dute. 12:30ean Euskal Herria-Palestina ekitaldia izanen da eta 13:00etan dantza palestinarrak ikusteko aukera izanen da.
14:00etan zikiro jatea eginen da eta aldi berean kantaldia izanen da Fermin Balenziarekin. 18:00etan ginkana izanen da eta 22:00etan kontzertuak, La Jodedera taldearekin, bertzeak bertze.
Agerraldian adierazpena irakurri zen eta hainbat gizarte eragilek bat egin dute agerraldiarekin eta deialdiarekin.
Adierazpena
500 km luze eta 9 metro altuerako harresia, ugaltzen doazen 250 kolonia oldarkor, eguneroko erailketa eta atxiloketek, etxe-botatzeek, lege-sistema baztertzaileek, bonbek eta umiliazioek, Israelen apartheid politika ezaugarritzen dute. Poliki baina etengabe, arabiarrak tantaka odolustu nahi ditu, desiotako lurraldea haietaz garbitu. Hegoafrikan 1992 arte, txuriek beltzekin egiten zuten bezala, gaur. Guzi honi, Gaza eta Zisjordaniatik kanpo errefuxatuak direnen drama gehitu behar zaio. Eskubide zibilik gabe, garaituak, etsituak… “irabazlearen” irrifar krudela dute ordainetan.
Palestinarrei elkartasuna adieraztea beharrezkoa da eutsi dezaten, eta Israelen kontrako presio-neurriak hartu behar dira bere apartheid politikak aldatzen ez dituen bitartean, norbanakotik hasi eta maila guzietan. Palestinarrek eskatzen digute. Ez dezagun bertze aldera begiratu.
Maiatzaren 15 honetan, 1948ko holokausto Palestinarraren 65. urteurrena dugu. Urte hartan Palestinarren hondamendia gertatu zen, Nakba. Juduendako bakarrik izanen zen Estatua sortu nahi zutenek, Sionistek, garbiketa etnikoa burutu zuten alimaleko sarraskiaren bidez, eta betidanik bertan bizi ziren arabiarren %70 errefuxiatu bihurtu zituzten. Gogoz kontra erbesteratu zituzten.
Gaur egun, 65 urte beranduago, 4.500.000tik goiti dira errefuxiatuak dauden Palestinarrak, eta Gaza eta Zisjordania okupatuak ditu Israelek, Nazioarteko Legedia hautsiz eta Giza Eskubideak urratuz. Europako mandatariek bertze alde batera begiratzen dute, eta Israelgo estatu arrazistarekin hitzarmen komertzialak egiten dituzte, Israelgo kirol taldeek Europar ligetan parte hartzen utziz, bertze aunitz tratu onekin batera. Hegoafrika Apartheid politika aldarazi arte presionatu bazuten, zergatik ez dute gauza bera egiten Israelekin? Dirua tartean dagoenean gizatasunarendako ez dago lekurik? Honen aitzinean guri dagokigu, eragile desberdinei, injustizia hau aldatzeko pausoak ematea, pixkanaka-pixkanaka Hegoafrikan eragin zen bezala, Palestinako lurralde historikoa krudelkeriaren eredu izateari utzi arte.
Euskal Herriko eta Eskualdeko hainbat eragilekin batera, maiatzerako hainbat jarduera martxan daude, elkartasun ekintza hau bultzada txiki bat izan dadin irtenbiderako. Gatazka hor dagoela oroitarazteko.
Atxikimenduak
Kultura eta kirol arloko eragileak:
- Baztango AEKko irakasleak
- Bertso Eskola
- Xaloa Telebistako Lan Taldea
- Xorroxin Irratiko Lan Taldea
- Baztango Mendigoizaleak
- Baztango Rugby taldea
- Txaruta Pilota Elkartea
- Gaztetxea
- Saharaztan
- Fanfarre Mi Fa
- Baztandarren Biltzarra
- Erratzuko Kultur Elkartea
- Jo ala Jo Kultur Taldea
- Baztango Xulubitariak
- Baztango Gaitariak
- Mukuru Diseinu Grafikoa
- BAZAM ekintza musikala
- Metaziri aldizkaria
- Otsondo Barride Elkartea
- Amaiurko Gaztelu Elkartea
- ANFAS
- Aranabia Kultur elkartea
- Iruritako gazteak
- Ertzuin Erratzuko guraso elkartea
- Erratzuko kultur elkartea
- Laxoa elkartea
- Amaiurko sokatira taldea
- Amaiurko besta batzordea
- Amaiurko talde basa
- Erratzuko Fanfarronak fanfarrea
Herrietako alkateak:
- Jokin Irigoien, Gartzaingo Alkate Juratua
- Mikel Sobrino, Elizondoko Alkate Juratua
- Isaak Rekalde, Amaiurko Alkate Juratua
- Xotero Etxandi, Arraiozko Alkate Juratua
- Karlos Beristain, Arizkungo Alkate Juratua
- Jesus Angel Garzia, Lekarozko Alkate Juratua
- Pello Obregozo, Iruritako Alkate Juratua
- Ruben Santervas, Oronozko Alkate Juratua
- Iban Dufurrena, Erratzuko Alkate Juratua
- Pello Alberro, Elbeteko Alkate Juratua
- Aitor Azkarate Tomassone, Anizko Alkate Juratua
- Kiko Gartxitorena Berroetako Alkate Juratua
- Luis Roldan Astiz, Almandozko Alkate Juratua
Eragile sindikal eta politikoak:
- Aralar
- Ernai
- Herrira
- LAB
- ELA
- Bildu
- Sortu
- Baztango Ezkerra