Baztan UEMAn sartuko da

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 14a

Maiatzaren 3ko udal batzarrean hartu zuen erabakia eta UEMAk ekainean eginen duen batzarrean onartuko da

Baztango Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki du. Maiatzaren 3an egindako udalbatzan, Bildu, Baztango Ezkerra eta Nabai-ko ordezkarien aldeko botoekin hartu zuten erabakia. Hartutako erabakia ofizialki UEMAk ekainean egingo duen batzar nagusian onartu ondotik gauzatuko bada ere, ia erran daiteke Baztan UEMAko partaide dela.

Baztango Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki du. Maiatzaren 3an egindako udalbatzan, Bildu, Baztango Ezkerra eta Nabai-ko ordezkarien aldeko botoekin hartu zuten erabakia. Hartutako erabakia ofizialki UEMAk ekainean egingo duen batzar nagusian onartu ondotik gauzatuko bada ere, ia erran daiteke Baztan UEMAko partaide dela.

Baztan UEMAn sartuko den 71. udalerria izango da, modu horretan, UEMAren lurgunea zabaltzera dator, eta hori berri ona da euskararentzat.

Lur-gune euskalduneko beste herriekin batera, Baztango Udalak euskararen aldeko apustu argia egin nahi du. Herriko errealitate soziolinguistikoari erantzungo dion hizkuntz politika aurrerakoia garatuz, Baztan herri euskalduna izan dadin bermatu eta euskararen arnas-gunea babesten jarraitzeko. Bide horretan, udalaren jarduna euskaldundu nahi da, honela herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzeko baliabideak eskuratuz. Finean, hizkuntzari dagokionean ere aitzindari izan nahi du Udalak.

 

Hogeita bi urte, eta gehiagorako ibilbidea

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988 urte amaieran hasi zen, Euskal Herrian Euskaraz-en ekimenez, 30 udalerri euskaldunek “Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Udal Arautegia” onartu zutenean. Araudi hori bertako administrazioan zein herrian euskaraz bizi izateko bitartekoak jartzeko asmoz onartu zen.

Udalerri euskaldunek erabaki hori hartu baino lehen, 1982an hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak emandako 10/1982 Euskararen Legeko 8.3 artikuluaren arabera udalerri euskaldunetan euskara hutsez funtzionatzeko aukera jasotzen zen, baina Auzitegi Konstituzionalak artikulu hori indargabetu egin zuen.

Aizarnazabalen, 1991. urtean, 17 udalek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zuten. Geroztik, egindako lana eta lortutako emaitzak handiak izan dira. Izan ere, administrazio publikoak mende luzez erdaraz funtzionatu arren, UEMAko udalak gauza izan dira euskarazko funtzionamenduari ekiteko; hau da, euskara Administrazioko lan-hizkuntza bihurtzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun