Argazkiak kendu arren seme kuttun direnak kuttun izaten segitzen dutela dio Balleko Etxeak

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 3a

Udal barneko paisaia berdintasun balioekin antolatu nahi duela dio

Baztango seme ku­ttun direnak seme ku­ttun izaten jarraitzen dute. Hala dio Udal gobernuak Balleko Etxean paratuak zeuden seme kuttunen argazkiak kentzearen harira, Diario de Noticiasek «ber­tze behin asmo txa­rrez edo gauzak erdizka emanez» argitaratutako informazioen eta iritziei buruz.
 
Argazkiak kentzerakoan udalaren eta alkatetzaren helburua «udal barneko paisaia berrantolatzea bertzerik ez da izan, udalaren barneko paisaia herritarren arteko berdintasun eta parekidetasun balioekin sinbolikoki antolatuz, euskara ordenantza betez eta munduko herrien arteko errespetua bulkatuz». Horren ondorioz, adibidez, Amerikako konkistaren 500. urteurrenaren goraza­rrea zen margolana kendu zen, baita erdera hu­tsean zeuden apain­garriak ere. Udal gobernuak dioenez, «horrek bistan denez ez du inondik ere pertsona desberdinen ibilbide per­tsonala ezta herriari egindako ekarpena gu­ttiesten». Hala, Izetaren eta Erasoren kasuetan udalak nahiago du «pertsona hauek euskarari eta kulturari egindako ekarpenak adibidez euskalgintzan eta kulturgintzan sakonduz eta horietan pausu berriak emanez oroitu, hau da, argazkietatik hara­go beren egiazko ekarpenari segida emanez».
 
Gainerakoan kazetariak eta UPN-k erraten duenaren kontra, udalak dio ez dagoela argazkiak jartzeko osoko bilkurako akordiorik. 2001ean hartutako akordioan seme kuttunen oroimen gisa detaile bat jartzea erabaki zen, zehaztasunik gabe. «Seme kuttuna izendatzeko akordio oroko­rrak daude, bertzerik ez, eta akordio horietako batzuk erakusten dutenez momentu bakoitzeko udal hautetsien artean pertsona jakin ba­tzuk goratzeko zalan­­­tzak ez ziren gutti», dio udalaren oharrak.
 
Bertzalde, Lekarozko monolitoaren harira «birziklatutako jatorri frankistako ikurra da, udal-baimenik gabe CEINek bere aldetik eta bere ardurapean jartzea erabaki duena». Lekarozko campusa eremu publiko bat da eta bertan zernahi egin nahi dela ohiko prozedurak eta arauak betez egin behar dira. «Baztandar guztiak berdinak bagara, ho­rrelako jokamodurik ez da onartzen ahal», dio udalaren prentsa oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun