Lan hitzarmen berria eskatu dute Elizondoko erresidentziako langileek

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 3a

Francisci Joaquin de Iriarte Zahar Etxeko langileak, erresidentziaren aitzinean. Juan Mari ONDIKOL

Enpresaren zuzendaritzak ez zuela negoziatu nahi salatu zuten

Elizondoko Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxeko langileak protesta elkarretaratzea egin zuten apirilaren 16an, lan hitzarmena berritzeko negoziatzen hastea eskatuz erresidentzia kudeatzen duen Idea e Innovación en­presako zuzendaritzari. Langileen ustez, nahitaezkoa da lan hitzarmena berritzeko solasean hastea, «gainerakoan, uztailaren 7an langileak inolako hitzarmenik gabe gelditzen ahal garelako».
 
Lan erreformak urtebeteko epea ematen du hitzarmena negoziatzeko eta hori egiten ez  bada, estatu arlokoa jarriko litzateke indarrean, «de­xentez murritzagoa».  LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, en­pre­sako zuzendaritzak hasieratik uko egin dio negoziazioak hasteko papera sinatzeari, langi­leek soldaten jautsiera onartzen ez badute. Zuzendaritzaren erranetan, «gaur egungo soldaten kostuarekin erresidentzia ez da bideragarria».
 
Langileek ez dute onar­tzen zuzendaritzak dioena, «Zahar Etxea ehun urtez bideragarria izan baita eta gaur egun ere halaxe da. Gainera, oinarrizko lana egiten du Baztanen eta hori ezin daiteke egun batean desagertarazi”.
 
Lan hitzarmena berdinetik berdinera negoziatzeko aukera eska­tzen dute langileek, ai­tzinetik baldintzarik ja­rri gabe, eta «ez gaude gure lan eskubideetan murrizketa gehiago onartzeko prest». 2010ean zentroaren kudeaketa pribatizatu egin zen eta egoera hau ho­rren ondorio dela uste dute langileek.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun