Lore Jokoak arrakastatsuak suertatu dira

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 3a

Iruritako dantzarien saioa goizean. Utzitako argazkia

45 baztandarrek parte hartu dute literatura lehiaketan

Eguraldia lagun eta herritarren parte hartze handiarekin, arrakasta­tsuak suertatu ziren apirilaren 21ean Iruritan ospatutako Lore Jokoak. 1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, Iruritan gauza bertsua egin zuten, Baztandarren Biltzarrak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Ba­tzordeak elkarlanean.
 
Goizean, txapelketako laxoa partida jokatu zuten Irurita A eta Arraioz B taldeek erreboteko plazan. Etxekoek lortu zuten garaipena, 9 eta 5. Horretaz gain, la­xoari buruzko erakusketa ere ikusgai izan zen gizarte bilgunean. Goiz-arratsaldez Jauregia irekita egon zen, Lore Jokoei buruzko erakusketa ikusteko. Eguerdian Euskal dantzak eskaini zituzten Iruritako dan­tzariek herriko plazan. 
 
SARITUTAKO OLERKIAK
Arratsaldean poema errezitaldia eskaini zuten Jauregiako lorategian, Xabi Urtasun iruritarraren musikarekin alaituta. 1879ko olerki sarituen eta 2013ko literatura lehiaketako irabazleen lanen aurkezpena egin zen. Duela bi mendeko olerkiei dagokienez, Baz­tandarren Biltzarreko ordezkariek irakurri zituzten. Amaia Elizagoienek Arrese Beitiaren Ama euskarari azken agurra irakurri zuen; Itziar Etxeberriak Ramon Artolaren Altabizkarko kantua; Jaione Elizagoienek Martin A­rruperen Adios Amerikari eta Elisa Almandozek Iparragirreren Nafarroako alkarkidari.
Orduko gai berarekin, euskaldunen gauzarik maiteena, bi mende beranduago ere literatura lehiaketa egin da. Aski arrakastatsua izan da lehiaketa, 45 lagunek parte hartu baitute. 6 eta 12 urte arteko mailan, Elizondoko Mikel Garzia Mendiberrik lortu du garaipena, Txan­txan­gorri idazlea lanarekin; 12 eta 18 urte artekoetan Amaia Arraz­toa iruritarrak Euskaldunen hizkuntza idaz­la­na­rekin eta helduetan Ainara Arizmendi gar­tzainda­rraren lana izan da saritua.  Ondotik, bertso saioa eskaini zuten Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek, Fernando Anbustegi gai-jartzaile zutela. 
 
Antolatzaileek eske­rrak eman nahi izan dituzte ohar baten bidez: «horrelako egun politean gurekin parte hartu duzuen guztioi eske­rrak eman nahi dizkizue Baztandarren Biltzarrak, Dorrea Elkarteak eta Baz­tango Kultura Ba­tzordeak. Ikusleei ez ezik, gurekin elkarlanean aritu diren Laxoa Elkarteari, Iruritako dantzariei, Jo ala Jo taldeari eta Jauregiko Jose Mariri gure eskerrik beroenak».
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun