Elizondon eginen den Euskal Herria Palestina Egunari begira zozketako zenbaki saritua jakinarazi dute antolatzaileek

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 2a

0574 zenbakiaren jabeak 667 050264ra deitu behar du maiatzaren 15a baino lehen

Erratzuko Kordoa landa-etxean bi lagunendako asteburua eta bi lagunendako bazkariaren zozketan, zenbaki saritua 0574 izan da. Saridunak 667 050264ra deitu beharko du maiatzaren 15a baino lehen.

Palestinarrei elkartasuna adierazteko Euskal Herria Palestina Eguna eginen da maiatzaren 18an Elizondon. Egun osoko egitaraua prestatu dute ordurako, baina aitzinetik ere hainbat ekimen paratu dituzte martxan Euskal Herria Palestina Saretik. Horietako bat Erratzuko Kordoa landa-etxean bi lagunendako asteburua eta bi lagunendako bazkariaren zozketa izan da eta dagoeneko zenbaki saritua zein den jakinarazi dute: 0574. Zenbaki hori duenak maiatzaren 15a baino lehen deitu beharko du 667 050264 telefonora. Zenbaki horren jabea agertzen ez bada, ondokoak izanen dira saridunak, hurrenez hurren: 1.314 eta 1.495. Zenbaki hauek dituztenek ere maiatzaren 15a baino lehen eman beharko dute horren berri.

Gainerakoan, aipatu, palestinar marrazkilarien irudiak ikusgai daudela Elizondon maiatzaren 17ra arte eta gaiarekin lotutako Palestinako historiaren sintesia Unitate Didaktikoa ere eskainiko da Iruritan maiatzaren 12ra bitarte. Palestinar zinema dokumental zikloa ere egin da hainbat herritan.

Bertzetik, maiatzaren 14an Porrotx Palestinaz emanaldia izanen da 17:30ean Iruritan eta biharamunean, preso politikoak Palestinan eta Euskal Herrian solasaldia izanen da 20:00etan Elizondon. Maiatzaren 18ko EHPalestina Egunari begira goizean goizetik ekitaldiak izanen dira: diana, mural margotzea, solasaldia, kalejira, haurrendako jokoak eta tailerrak, elkarrateratzea, zikiro-jatea, kantaldia, kontzertuak... Eguna hurbildu ahala oroitaraziko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun