Baztango seme kuttun direnak seme kuttun izaten jarraitzen dute. Hala dio Baztango Udal gobernuak Balleko Etxean paratuak zeuden seme kuttunen argazkiak kentzearen harira, «Diario de Noticiaseko Lander Santamariak bertze behin asmo txarrez edo gauzak erdizka emanez argitaratutako informazioen eta iritziei buruz».
Argazkiak kentzerakoan Baztango udalaren eta alkatetzaren helburua «udal barneko paisaia berrantolatzea bertzerik ez da izan, udalaren barneko paisaia herritarren arteko berdintasun eta parekidetasun balioekin sinbolikoki antolatuz, euskara ordenantza betez eta munduko herrien arteko errespetua bulkatuz». Horren ondorioz, adibidez, Amerikako konkistaren 500. urteurrenaren gorazarrea zen margolana kendu zen, baita erdera hutsean zeuden apaingarriak ere. Udal gobernuak dioenez, «horrek bistan denez ez du inondik ere pertsona desberdinen ibilbide pertsonala ezta herriari egindako ekarpena guttiesten». Hala, Izetaren eta Erasoren kasuetan udalak nahiago du «pertsona hauek euskarari eta kulturari egindako ekarpenak adibidez euskalgintzan eta kulturgintzan sakonduz eta horietan pausu berriak emanez oroitu, hau da, argazkietatik harago beren egiazko ekarpenari segida emanez».
Gainerakoan kazetariak eta UPN-k erraten duenaren kontra, udalak dio ez dagoela argazkiak jartzeko osoko bilkurako akordiorik. 2001ean hartutako akordioan seme kuttunen oroimen gisa detaile bat jartzea erabaki zen, zehaztasunik gabe. «Seme kuttuna izendatzeko akordio orokorrak daude, bertzerik ez, eta akordio horietako batzuk erakusten dutenez momentu bakoitzeko udal hautetsien artean pertsona jakin batzuk goratzeko zalantzak ez ziren gutti», dio udalaren oharrak.
Bertzalde, Lekarozko monolitoaren harira «birziklatutako jatorri frankistako ikurra da, udal-baimenik gabe CEINek bere aldetik eta bere ardurapean jartzea erabaki duena». Lekarozko campusa eremu publiko bat da eta bertan zernahi egin nahi dela ohiko prozedurak eta arauak betez egin behar dira. «Baztandar guztiak berdinak bagara, horrelako jokamodurik ez da onartzen ahal», dio udalaren prentsa oharrak.