Lore Jokoak arrakastatsuak suertatu dira Iruritan

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 22a

Iruritako dantzariek saioa eskaini zuten igande eguerdian. Alicia del Castillo

Igande goizean laxoa partidak eta dantzak izan zituzte eta arratsaldean, olerki errezitaldiak eta bertsoak

Eguraldia lagun eta herritarren parte hartze handiarekin, arrakastatsuak suertatu ziren apirilaren 21ean Iruritan ospatutako Lore Jokoak. 1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, Iruritan gauza bertsua egin zuten igandean, Baztandarren biltzarra elkarteak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean.

Eguraldia lagun eta herritarren parte hartze handiarekin, arrakastatsuak suertatu ziren apirilaren 21ean Iruritan ospatutako Lore Jokoak. 1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, Iruritan gauza bertsua egin zuten igandean, Baztandarren biltzarra elkarteak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean.

Goizean, Baztan-Errekako txapelketako laxoa partida jokatu zuten Irurita A eta Arraioz B taldeek erreboteko plazan. Etxekoek lortu zuten garaipena, 9 eta 5. Horretaz gain, laxoari buruzko erakusketa ere ikusgai izan zen gizarte bilgunean. Goiz-arratsaldez Jauregia irekita egon zen, Lore Jokoei buruzko erakusketa ikusteko. Eguerdian Euskal dantzak eskaini zituzten Iruritako dantzariek herriko plazan.

 

Saritutako olerkiak

Arratsaldean poema errezitaldia eskaini zuten Jauregiako lorategian, Xabi Urtasun iruritarraren musikarekin alaituta. Hain zuzen, 1879ko olerki sarituen eta 2013ko literatura lehiaketako irabazleen lanen aurkezpena egin zen. Duela bi mendeko olerkiei dagokienez, Baztandarren Biltzarraren 50. urteurrenaren karietara elkarteko ordezkariek irakurri zituzten. Amaia Elizagoienek Arrese Beitiaren Ama euskarari azken agurra irakurri zuen; Itziar Etxeberriak Ramon Artolaren Altabizkarko kantua; Jaione Elizagoienek Martin Arruperen Adios Amerikari eta Elisa Almandozek Iparragirreren Nafarroako alkarkidari.

Orduko gai berarekin, bi mende beranduago ere literatura lehiaketa egin da. Aski arrakastatsua izan da lehiaketa, 45 lagunek parte hartu baitute, orduko gai bera, euskaldunen gauzarik maiteena, gaitzat hartuta egindako olerkiekin. 6 eta 12 urte arteko mailan, Elizondoko Mikel Garzia Mendiberrik (10 urte) lortu du garaipena, Txantxangorri idazlea lanarekin; 12 eta 18 urte artekoetan Amaia Arraztoa iruritarrak (14 urte) Euskaldunen hizkuntza idazlanarekin eta helduen C Mailan Ainara Arizmendi gartzaindarraren lana izan da saritua. Patxi Larralde eta Xabier Durrutyren txistu doinuak ere aditu ziren eta Jo ala Jo taldekoek txalaparta eta kirikoketa doinuak hedatu zituzten.

Ondotik, bertso saioa aski arrakastatsua eskaini zuten Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek, Fernando Anbustegi gai-jartzaile zutela.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dituzte ohar baten bidez: «horrelako egun politean gurekin parte hartu duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizue Baztandarren Biltzarrak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak. Ikusleei ez ezik, gurekin elkarlanean aritu diren Laxoa Elkarteari, Iruritako dantzariei, Jo ala Jo taldeari eta Jauregiko Jose Mariri gure eskerrik beroenak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun