1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, Iruritan gauza bertsua antolatu dute apirilaren 21ean Baztandarren biltzarra elkarteak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean.gun osoko egitaraua prestatu dute: laxoa partida eta erakustaldia, bertso saioa, dantzak... eta poesiak ere bere tartea izanen du. Izan ere, bi mende beranduago, literatur lehiaketa egin dute, orduko gai berarekin: euskaldunen gauzarik maiteena. Aski arrakastatsua izan da lehiaketa, 45 lagunek parte hartu baitute. A mailan: Elizondoko Mikel Garzia Mendiberrik lortu du garaipena, Txantxangorri idazlea lanarekin.; B mailan Amaia Arraztoa iruritarrakEuskaldunen hizkuntza idazlanarekin eta C Mailan Ainara Arizmendi gartzaindarraren lana izan da saritua. Aurtengo irabazleen lanak eta 1879ko olerki sarituak entzuteko aukera izanen da arratsaldeko bostetan eginen duten errezitaldian.
Egitaraua
11:00etan txapelketako laxoa partida jokatuko dute Irurita A eta Arraioz B taldeek erreboteko plazan eta laxoari buruzko erakusketa gizarte bilgunean ikusgai izanen da. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Jauregia irekita egonen da, erakusketa ikusteko.12:30ean Euskal dantzak eskainiko dituzte Iruritako dantzariek herriko plazan. 17:00etan poema errezitaldia eskainiko da Jauregiako lorategian, musikarekin alaituta. Hain zuzen, 1879ko olerki sarituen eta 2013ko literatura lehiaketako irabazleen lanen aurkezpena eginen da. 18:00etan bertso saioa eskainiko dute Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek, Fernando Anbustegi gai-jartzaile dutela. Euria eginen balu, goizeko ekitaldiak Aranabia pilotalekuan eta arratsaldekoak gizarte bilgunean eginen lirateke.