15 buru aurkeztu ziren Elizondon Udaberriko Feriako ahari lehiaketara

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 18a

Apirilaren 5eko Udaberriko Feriak neguko aurpegia izan zuen Elizondon, baina halere behi eta zaldi azienda batzuk eta 25 bat ardi eta ahari eraman zituzten Merkatuko Plazara. Azken hauetatik 15 aurkeztu ziren lehiaketara eta horien artean, Arraiozko Indakoako Felisa Ugartek eta Iruritako Gernuxarreako Miguel Angel Maritorenak aurkeztutakoak izan ziren onenak.
 
Arraiozko Indakokoak mutur gorrien artean lortu zuen lehen saria, 75 euro eta kaikua. Arraioz­ko Sagrario Urroz  eta Iruritako Felix Alemanen ahariek ere lortu zuten saria. Mutur beltzen artean, berriz, Iruritako Gernuxarreara joan zen lehen saria eta Erratzuko Soledad Iturbide eta Almandozko Norberto Agerreren ahariek ere lortu zuten saria.
 
Eskulangileen azoka Merkatuko Plazako gorapean egin behar izan zen, euriaz babesteko, baina halere animazio handia izan zen. Baztanzopak banatu ziren eta Baztango dantzari ttikiek ere bere emanaldia eskaini zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun