Lore Jokoen egun handia apirilaren 21ean ospatuko da Iruritan

TTIPI-TTAPA 2013ko apirilaren 18a

Lore Jokoak antolatu dituzten kultur taldeetako kideak, Iruritako alkatearekin eta udal agintariekin aurkezpenean. Utzitako argazkia

45 baztandarrek parte hartu dute literatura lehiaketan

1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, aurten egun hura gogoan, gauza bertsua egin nahi izan dute Baztandarren bil­tzarra elkarteak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean.  
 
Bi mende beranduago garai hartan bizka­rrezurra izan zen literatura lehiaketa antolatu da, 1879. urtean izan zen gai berarekin: euskaldunen gauzarik maiteena. Aski arrakasta­tsua izan da lehiaketa,  45 lagunek parte hartu baitute adin kategoria ezberdinetan.
 
Apirilaren 21ean Iruritan antolatu den egun guztiko bestan aurtengo sarituek beraien lanak irakurtzeko aukera izanen dute.
 
Literatur lehiaketa ez ezik ondoko egunetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
 
Egunotan Lore Jokoen erakusketa ikusgai dago Iruritako Jauregian. Bertan, 1879. urtean Elizondon ospatu ziren Lore Jokoetako poema sarituen erakusketa ez ezik, Hendaian dagoen Abbadia Jauregitik ekarritako afixak ere erakusgai daude.
 
Apirilaren 12an be­rriz, Rosa Miren Pagolak solasaldia eskaini zuen Elizondoko Lore Jokoetan gizon haundi bat: Bruno Etxenike izenburupean.
 
LORE JOKOEN EGUNA APIRILAREN 21EAN
 
Baina Lore Jokoen Egun handia apirilaren 21ean izanen da eta egun guztiko besta egitaraua prestatu dute Iruritan.
 
11:00etan txapelketako laxoa partida jokatuko dute Irurita A eta Arraioz B taldeek erreboteko plazan eta laxoari buruzko erakusketa gizarte bilgunean ikusgai izanen da.
11:00etatik 13:00e­tara eta 16:00etatik 19:00etara Jauregia irekita egonen da, erakusketa ikusteko.
12:30ean Euskal dantzak eskainiko dituzte Iruritako dantzariek herriko plazan.
 
17:00etan poema erre­zitaldia eskainiko da Jauregiako lorategian, musikarekin alaituta. Hain zuzen, 1879ko oler­ki sarituen eta 2013­ko literatura lehiaketako irabazleen lanen aurkezpena eginen da.
 
18:00etan bertso saioa eskainiko dute Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek, Fernando Anbustegi gai-jartzaile dutela.
 
Euriarekin, goizeko ekitaldiak Aranabia pilotalekuan eta arratsaldekoak gizarte bilgunean eginen lirateke. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun