Elizondoko Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxeko langileak karrikara atera ziren apirilaren 16an eta protesta elkarretaratzea egin zuten, lan hitzarmena berritzeko negoziatzen hastea eskatuz erresidentzia kudeatzen duen Idea e Innovación enpresako zuzendaritzari.
Langileen ustez, nahitaezkoa da lan hitzarmena berritzeko solasean hastea, «gainerakoan, uztailaren 7an langileak inolako hitzarmenik gabe gelditzen ahal garelako». Lan erreformak urtebeteko epea ematen du hitzarmena negoziatzeko eta hori egiten ez bada, estatu arlokoa jarriko litzateke indarrean, «dexentez murritzagoa». LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, enpresako zuzendaritzak hasieratik uko egin dio negoziazioak hasteko papera sinatzeari, langileek soldaten jautsiera onartzen ez badute. Zuzendaritzaren erranetan, «gaur egungo soldaten kostuarekin erresidentzia ez da bideragarria».
Enpresa batzordeak eta langileek ez dute onartzen zuzendaritzak dioena, «Zahar Etxea ehun urtez bideragarria izan baita eta gaur egun ere halaxe da. Gainera, oinarrizko lana egiten du Baztanen eta hori ezin daiteke egun batetik bertzera desagertarazi».
Lan hitzarmena berdinetik berdinera negoziatzeko aukera eskatzen dute langileek, aitzinetik baldintzarik jarri gabe, eta «ez gaude gure lan eskubideetan murrizketa gehiago onartzeko prest». 2010ean zentroaren kudeaketa pribatizatu egin zen eta egoera hau horren ondorio dela uste dute langileek.