1879. urtean Hego Euskal Herriko lehenbiziko Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogoan izanik, aurten egun hura gogoan, gauza bertsua egin nahi izan dute Baztandarren biltzarra elkarteak, Dorrea Elkarteak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean.
Bi mende beranduago garai hartan bizkarrezurra izan zen literatura lehiaketa antolatu da, 1879. urtean izan zen gai berarekin: euskaldunen gauzarik maiteena. Aski arrakastatsua izan da lehiaketa, 45 lagunek parte hartu baitute. Irabazleen izenak hurrengo asteetan emanen dira ezagutzerat, eta apirilaren 21ean Iruritan antolatu den egun guztiko bestan aurtengo sarituek beraien lanak irakurtzeko aukera izanen dute. Literatur lehiaketa ez ezik ondoko egunetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Honela, apirilaren 8an, astelehen arratsaldeko 7:00etan Lore Jokoen erakusketaren irekiera ekitaldia eginen da Iruritako Jauregian. Bertan, 1879. urtean Elizondon ospatu ziren Lore Jokoetako poema sarituen erakusketa ez ezik, Hendaian dagoen Abbadia Jauregitik ekarritako afixak ere izanen dira erakusgai apirilaren 8tik hasi eta 21a biztartean.
Apirilaren 12an berriz, Rosa Miren Pagolaren solasaldia izanen da Lore Jokoen inguruan Iruritako Jauregian 19:00etan, “Elizondoko Lore Jokoetan gizon haundi bat: Brunk Etxenike” izenburupean.
Lore Jokoen Eguna apirilaren 21ean
Baina Lore Jokoen Egun handia apirilaren 21ean izanen da eta egun guztiko besta egitaraua prestatu dute Iruritan.
11:00etan txapelketako laxoa partida jokatuko dute Irurita A eta Arraioz B taldeek erreboteko plazan eta laxoari buruzko erakusketa gizarte bilgunean ikusgai izanen da.
11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Jauregia irekita egonen da, erakusketa ikusteko.
12:30ean Euskal dantzak eskainiko dituzte Iruritako dantzariek herriko plazan.
17:00etan poema errezitaldia eskainiko da Jauregiako lorategian, musikarekin alaituta. Hain zuzen, 1879ko olerki sarituen eta 2013ko literatura lehiaketako irabazleen lanen aurkezpena eginen da.
18:00etan bertso saioa eskainiko dute Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek, Fernando Anbustegi gai-jartzaile dutela.
Euria eginen balu, goizeko ekitaldiak Aranabia pilotalekuan eta arratsaldekoak gizarte bilgunean eginen lirateke.