Aziendak, artisau lanak eta etxeko produktuak etxetik edo baserritik karrikara ateratzeko, apirilean Baztanen egiten den hitzordu nagusia gainean da. Apirilaren 5ean, ortziralean, eginen da Udaberriko Feria Elizondon. Baztango Udalak, Bertizko Partzuergo Turistikoaren, Elizondoko Herriaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzarekin antolatu du eguna.
10:00etan azienda feria izanen da Merkatu Plazan. Ahari lehiaketaren hamosgarren edizioa ere eginen da. 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara artisautza eta bertako produktuen azoka paratuko da Foru Plazan. 11:00etan Arizkungo txistulariak ariko dira karrikaz karrika. 12:00etan Baztan-Zopak dastatzeko aukera izanen da. eta 12:30ean Baztango dantzarien saioa. 13:30ean ahari lehiakearen sari banaketa eginen da Merkatu Plazan.
17:00etatik 19:00etara, udaberriko birziklatze tailerra ere eginen dute haurrendako Foruen Plazan.
Eguraldi txarra eginez gero ekitaldi guztiak Merkatuko Plaza eginen lirateke.
Partehartzearen aldetik aipatu 24 bat eskulangile eta bertako produktuen saltzaileak parte hartuko dutela, alor desberdinetakoak (gasnak, sagardoa, likoreak, kontserbak, mermeladak, taloak, zilarra, larrua, pomadak, egurra, harria, burdina, txaboiak, oihalak).
XV. Ahari lehiaketa
Aitzineko urteetan bezala Baztango Ahari Lehiaketa ospatuko da, aurtengo XV. edizioa izango delarik. Oinarrietan aipatzen den bezala Baztango latxa arrazako buruak parte hartzen ahal dute eta sariak bi ataletan banatuko dira: hiru “mutur gorriendako” eta bertze hiru “mutur beltzendako”. Bi kasuetan, saria berdina izanen da: Lehengo saria, kaiku bat eta 75 euro; bigarren saria, 50 euro eta hirugarren saria, 30 euro.