Elizondoko Giltxaurdiko erreka bazterrak egokitu dituzte urritasuna duten langileek

TTIPI TTAPA 2013ko apirilaren 3a

Giltxaurdi inguruan, erreka bazterrak garbitu eta bertako zuhaitzak sartu dituzte. Aitor Arotzena

Meandroa garbitu, landaredi arrotza kendu eta bertako zuhaitzak sartu dituzte

Elizondoko Giltxaurdiko meandroan bi erreka bazterrak ingurumen eta paisaia aldetik egokitu ditu Tasubinsako Zerbitzuen atalak. Tasubinsako zazpi langile aritu dira lan honetan, bortz urritasunen bat dutenak eta bi monitore. Gehien bat, meandroa zaborrez eta sasiz garbitu, landaredi arrotza kendu eta bertako zuhaitzak eta landareak sartu dituzte.

Elizondoko Giltxaurdiko meandroan bi erreka bazterrak ingurumen eta paisaia aldetik egokitu ditu Tasubinsako Zerbitzuen atalak. Tasubinsako zazpi langile aritu dira lan honetan, bortz urritasunen bat dutenak eta bi monitore. Gehien bat, meandroa zaborrez eta sasiz garbitu, landaredi arrotza kendu eta bertako zuhaitzak eta landareak sartu dituzte.

Elizondo eta Elbeteko zubia bitartean egin dituzte lanak, errekaren bi bazterretan. Ezkerreko aldean zaborrak kendu eta zabortegira eraman dute, adarrak moztu eta espezia arrotzak (ezkiak, akaziak, sasiak…) kendu dituzte, azkenean, bertako 200 zuhaitz landatzeko: lizarrak, gereziondoak, haltzak, astigarrak, hurritzak, elorri zuriak eta elorri beltzak.

Eskuin aldean, berriz, 1.200 sahats-landare sartu dira, bere babesarekin eta bertako bertze espezietako 156 landare gehiago ere landatu dira. Inguruan, babeserako 280 metroko hesidura egin da.

Ekimena, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak bultzatu du, Ganasa enpresa publikoaren bitartez eta La Caixaren Gizarte Ekintzaren finantziazioarekin.

Lanean aritu diren Tasubinsako zazpi langileak berdeguneen egokitzapen lanetan espezialduak daude eta Baztan-Bidasoaldean gisa honetako hainbat lan egin dituzte. Patxi Altzuarte Gaztelu monitoreak aipatu duenez, «meandroko lanek bere zailtasunak izan dituzte, erreka bazterrean lan egitea ez delako errexa, baina arras kontent gaude emaitzarekin. Lan talde sendoa dugu eta urteak daramazkigu ingurumen lanetan eta hau, bertze erronka bat gehiago izan da».

Joaquin Plaza lekaroztarrak dioenez, «kanpoan lan eginez disfrutatzen dut, naturarekin hartuemanean. Nere lanarekin Baztango naturaren alde egiteak aunitz motibatzen nau».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun