Epaiketa gehiagorik ez! Eskubide zibil eta politikoen alde! Ernestorekin elkartasuna goiburupean, Ernesto Prat-ekin elkartasun manifestazioa eginen da apirilaren 7an, igande arratsaldeko 6etan Elizondoko plazatik abiatuta. Ernesto Prat Urzainki elizondorra apirilaren 9an epaituko dute entzutegi nazionalean, EKIN legez kanporatutako erakundekoa izateaz akusatua. Fiskalak 8 urteko kartzela zigorra eskatzen du.
«Izaera politikoko epaiketa hau eta euskal herritarrek oraino jasaten duten jazarpen politikoa» salatzeko Baztanen herritarren bilgune bat lanean hasi da. Honela, manifestazioaz gain, apirilaren 9an Madrilen eginen den epaiketarat joateko autobusa antolatu dute. Intzan eta Zubipuntan eman beharko da izena eta autobusa eta bertze hainbat gastu ordaintzeko apirilaren 6an kontzertua eginen da Elizondoko Gaztetxean. Gaiaren inguruko mozioak ere aurkeztu dituzte Baztango Udalean eta batzar nagusian. Udalak gaurgero onartu du eta batzar nagusian apirilaren 2ko saioan eztabaidatuko dute gaia.
Herritarren agerraldi jendetsua egin zuten martxoaren 19an, Ernesto Prat-i elkartasuna adieraziz.