N-121B errepidean Arraioz-Elbete saihesbideko lanak akitzea eta Elizondoko sarbidea irekitzeko Baztanberriko zubia lehenbailehen egitea eskatu dio Mikel Sobrino Elizondoko alkateak Nafarroako Gobernuko Sustapen departamentuari.
Martxoaren 15ean egin zuen agerraldia, Baztango udal ordezkariekin batera. Bertan jakinarazi zuenez, egun horretarako kontseilariarekin bilera egitekoa zuen, baina apirilaren 4ra bitarte gibeleratu zuten Iruñetik. «20 eguneko atzerapena ez du garrantzizkoa iduri, baina kopetaraino gaude, 15 urte baino gehiago daramazkigu Elizondoko bariantearekin bueltaka eta oraindik ez dugu bukaera garbirik ikusten» zioten.
Martxoaren 22an elkarretaratzea egin zuten oraindik ireki gabe dagoen sarbidean eta bertze horrenbertze eginen dute apirilaren 5ean. Apirilaren 4ko bileraren ondotik, berriz ere batzarrera deituko dituzte elizondarrak. «Nafarroako Gobernuak elizondarren eta gainerako baztandarren kezka aditzea nahi dugu eta onartu zen moduan lanak akitzea, saihesbidea Santiago karrikarekin lotzen duen zubia eginez», erran zuten.