Sahararen egoera eta lehen sorospenak hizpide Elizondon

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 27a

Utzitako argazkia

Mendebaldeko Sahararen egoera lantzeko, hiru saio egin dituzte Elizondoko Institutuan, Juainas Paul historialari, aktore eta Saharaztan elkarteko kideak bertzeak bertze, lagundurik eta gidaturik. Martxoaren 4an, ‘Mapen bilakaera’ azaldu zien Juainasek ikasleei, Europar kolonialismoaren nondik norakoak azaldu zituen, azkenik, gaur egungo Mendebaldeko Saharara nola iritsi garen uler­tze­ko. Martxoaren 11ko saioan Fatimetu dokumentala ikusi zuten eta martxo­aren 18ko saioan, Saharaztan elkarteko kide den Mirentxuren esperientzia ezagutu zuten. Bertze aldetik, Elizondoko Osasun Zentrotik hiru erizain joan ziren institutura martxoaren 7an, zenbait ikasleri Lehen Sorospeneko  emanaldi bat eskaintzera. Elizondoko Loinaz Azurmendi Gaztelumendi, Sunbillako Isabel Arre­txea Irigoien eta Berako Ana Ariztegi Etxenike hurbildu ziren, botikan zer izan behar den, eta erredurak, zauriak, zintzurra trabatu edo arnasbidek ixten direnean zer egin behar den edo bihotza berrindartzeko aholkuak azaltzera.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun