Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Plana martxan paratuko du Udalak

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 27a

Lau urterako lana finkatuko dute eta lehenik egoeraren diagnostikoa eginen da

Egoeraren diagnostikoa egitea izanen da Baztango Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako lehenbiziko plana egiteko lehen urratsa, Udalak martxoaren13an jakinarazi zuenez. Proiek­tu hau planteatzeko bi arra­zoi nagusi daude: lan tresnarik egokiena dela, alde batetik eta dirulaguntza jasotzeko plana egitea ezinber­tzekoa dela. Planaren arduradun teknikoa Irune Gaston Ripa izanen da, Udal Berdintasun Teknikari eta Irene Iribarren Garbalena administrari lanetan ariko da.
 
Udaleko Berdintasun Arloa 2011n sortu zen eta gero, 2012ko abuztuan Nafarroako Gobernuko eta Nafa­rroako Enplegu Zerbi­tzuko dirulaguntzen bitartez, berdintasun teknikaria kontratatu zen. Nafarroako 22 udal edo Mankomunitatetan berdintasun teknikaria kontratatua dute gaur egun. Baztanen, orain arte, Berdintasun Zerbitzutik zenbait jarduera (sen­­tiberatze kanpainak, ikastaro, solasaldi, an­tzerki...) antolatu dituzte baina aurten proiektu handiago baten barnean murgilduta daude, helburuak zehazten eta lehentasunak egiten lagunduko duena, Baztango Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I Plana.
 
Plana egiteko beha­rrezkoa dute lehenago Berdintasun Diagnostikoa egitea, hori baita Baztanen argazkia emanen duena, aukera berdintasuna eta parekidetasuna ematen den edo ez den ematen azaleratuz. Diagnostikoak hamaika arlo izanen ditu aztergai: hezkuntza, kultura, kirola, udal administrazioa, parte-hartze politiko eta soziala...
Argazkia osatzean, Plana burutuko da. Honek markatuko du non eta zertan beharrezkoa den lana, berdintasun eza edo diskriminazioak ekiditeko eta zuzen­tzeko. Berdintasuna modu eraginkorrean lantzeko zeharkakotasuna ezinbestekoa da, horretan ere lagunga­rria da Plana. Planak hurrengo 4 urtetarako lana finkatuko du. 
 
Honekin batera, urtez urte plangin­tza eginen da, urte bakoitzean Planeko atal ba­tzuk landuz.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun