Erremontean 2012an banakako txapeldun izandakoen arteko desafioa hartuko du Elizondoko Baztan pilotalekuan martxoaren 31n. Urriza, banakako txapeldun ofiziala eta Gorka Urtasun iruritarra, pilotaleku laburreko banakako txapelduna izanen dira aurrez aurre.
Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako jaialdia igande arratsaldeko 6:00etan hasiko da. Lehenik binakako partida interesgarria jokatuko dute gure inguruko lau erremontelarik: Endika saldiastarra eta Etxeberria III doneztebarra alde batetik eta Ezkurra II eta Julen San Miguel doneztebarrak bertzetik. 40 tantura ariko dira.
Gero jokatuko da Urriza eta Urtasunen arteko desafioa, 30 tantura.
Baztango erremonte eskola
Martxoaren 26an eman zuten desafioaren berri Arizkunenea Kultur Etxean. Gorka Urtasun erremontelariarekin batera, Iñigo Iturralde Baztango kirol zinegotzia, desafioaren babesle den Cafés Plaza del Castilloko Jose Mari Karrikaburu eta Euskal Jai Berri Fundazioko Jaime Egirre izan ziren ekitaldian.
Jaialdia aurkezteaz gain, Elizondon Baztango erremonte eskola berria martxan jartzearen asmoa azaldu zuten. Hain zuzen, Gorka Urtasun bera izanen da monitorea eta heldu den ikasturtean, irailetik aitzinera hasteko asmoa dute. Baztango Udalak eta Euskal Jai Berri erremonte fundazioak lortutako akordioaren arabera, Elizondoko Baztan pilotalekuan emanen dituzte klaseak.