Xorroxin ur-jauzirako sarbidea egokitu du Baztango udalak

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 26a

Irudian, Baztango Udalak Xorroxin ur-jauzirako bidea eta aparkalekuak non dauden adierazteko jarri dituen seinaleak.

Bisitariendako 3 aparkaleku egokitu eta seinalizatu dituzte Erratzun

Bisitariendako 3 aparkaleku egokitu eta seinalizatu dituzte Erratzun. Lehendabiziko aparkalekua frontoi inguruan dago. Bigarrena Zubipunta ostatuaren aitzinean eta hirugarrena, Eliz ondotik Gorostapoloranzko bidetik joan eta bidegurutzean eskuinerantz hartuta. Azken aparkalekuan, ur-jauzirat iristeko oinezkoendako bidea dago seinalizatua.

Xorroxin ur-jauzia Baztango interesgune nagusietako bat dela kontuan hartuta, Baztango Udalak ur-jauzirako sarbidea egokitu berri du.  Horretarako, 3 aparkaleku egokitu eta seinalizatu dituzte Erratzun.

Lehen aparkalekua herrirat sartu eta herriko plazaren eremuan eta frontoiaren inguruan kokatzen da. Zubia gurutzatu eta gero, Zubipunta ostatuaren aitzinean, bigarren aparkalekua dago. Eliz ondotik, Gorostapolo auzorako errepidetik jarraituz gero, bidegurutze bat aurkitzen da: ezkerrerantz, bakarrik barrideen kotxeek erabil dezaketen bideak jarraitzen du, eta eskuinerantz hartuta hirugarren aparkalekura iristen da. Azken aparkalekuan, Xorroxinerat joateko jarraitu beharreko oinezkoendako ibilbidea seinalizatuta dago. Izan ere, Xorroxinera doazen bisitari guztiek eskolako bidegurutzean ezkerrerantz oinez jarraitu behar dute bidea. Bertzalde gogorarazi dute Erratzutik Gorostapolorat doan errepiderako sarrera soilik barrideendako dela eta bertan ibilgailuak geratu edota aparkatzea debekatuta dagoela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun