Legealdi honen hasieran, Sagues Fundazioak Iruritako herriko eskaera bat jaso zuen Sagues Fundazioaren etxeen egoera argitu eta antolatzeko. Sei etxebizitzak “pobrezian” bizi diren familientzat erabili behar direla diote estatutuek eta horregatik, beharra dutenek Baztango Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan izen emateko deialdia egin dute.
Sagues Fundazioa Iruritan dauden Sagueseko etxebizitzak kudeatzeko eratutako entitatea da. Fundazioaren partaideak Baztango alkatea, Iruritako alkatea, Iruritako udal zinegotzia eta Iruritako apeza dira. Sagues Fundazioak Iruritan dituen sei etxebizitza kudeatzea du helburu nagusi.
Fundazioaren hasierako estatutuetan erraten da etxebizitza horiek “pobrezian” bizi diren familientzat erabili behar direla. Azken hamarkadetan etxebizitza horiek ez dute funtzio hori bete eta kudeaketa ez da egokia izan. Herriko eskaria ikusita, eta Bidelagun laguntza emaile taldeak egindako bertze eskaera baten ondorioz, etxe horien berrantolaketa eta estatutuen eguneratzea egitea erabaki da.
Estatutuen moldaketa egin du Fundazioak eta “pobrezia”ren definiziorako irizpide batzuk jarri dituzte. Horretarako, Nafarroako Gobernuak erabiltzen dituen irizpideak eta zerbitzu sozialetako teknikarien txostena erabiltzea erabaki da. Indarkeria matxistaren biktimek eta bazterketa egoeran daudenek lehentasuna izanen dute, eta kasu horien artean, Iruritako herritarrek lehentasuna izanen dute.
Erabiltzaileen egoera soziala urtero aztertuko da, eta egoera soziala hobetzen den momentuan, etxebizitza horiek utzi eta behar handiagoetan daudenek hartuko dute haien tokia. Bakoitzak etxebizitzaren eguneroko gastuak ordaindu beharko ditu, bai eta 100 euro hilean ere, mantenuko gastuetarako. Biltzen den diruarekin Fundazioak etxearen asegurua (edukitzailea eta erantzukizun zibila) ordainduko du eta eraikinari egin behar zaizkion konponketak eginen.
Orain bizi direnen artean, hiru familiek betetzen dituzte irizpideak. Bertze bi hutsik daude, eta hirugarren batek ez ditu irizpideak betetzen; beraz, etxea utzi egin beharko du. Momentu honetan badaude etxebizitzaren beharrean dauden familiak eta horiei utziko zaizkie libre geldituko diren bi. Bertze bat konpondu beharra dago, eta konpontzen denean, Bidelagun laguntza emaile taldeari utziko zaio, Emergentziazko etxe gisa erabiltzeko.
Hutsik dauden etxeetan nor sartu behar den erabaki baino lehen, deialdia egin nahi zaio behar duen guztiak Baztango Udaleko Zerbitzu Sozialetako Bulegoetan izena eman dezan. 15 eguneko epea emanen dugu izena emateko. Horren ondoren, Fundazioak erabakiko du nori dagokion etxebizitza horiek erabiltzea.