N-121-B errepidean Arraioz-Elbete saihesbideko lanak akitzea eta Elizondorako sarbidea irekitzeko Baztanberriko zubia lehenbailehen egitea eskatu dio Mikel Sobrino Elizondoko alkateak Nafarroako Gobernuko Herrilan departamentuari.
Martxoaren 15ean egin zuen agerraldia, Baztango udal ordezkariekin batera. Zehazki, Garbilñe Elizegi alkatea eta Florentino Goñi eta Mikel Ortega zinegotziekin agertu zen Sobrino prentsaurrera. Bertan jakinarazi zuenez, egun horretarako kontseilariarekin bilera egitekoa zuen, baina apirilaren 4ra bitarte gibeleratu zuten Iruñetik. «20 eguneko atzerapena ez du aunitz iduri, baina 15 urte baino gehiago daramazkigu Elizondoko saihesbidearekin bueltaka eta oraindik ez dugu bukaerarik ikusten», zioen Elizondoko alkateak.
Ortziral honetan, martxoaren 22an elkarretaratzea egitekoa dute oraindik ireki gabe dagoen sarbidean eta bertze horrenbertze eginen dute apirilaren 5ean. Apirilaren 4ko bileraren ondotik, berriz ere batzarrera deituko dituzte elizondarrak. «Nafarroako Gobernuak elizondarren eta gainerako baztandarren kezka aditzea nahi dugu eta proiektatu zen moduan lanak akitzea, saihesbidea Santiago karrikarekin lotzen duen zubia eginez, alegia», erran zuen Mikel Sobrinok.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!